Politika -
Memoria
Gaur argitaratu du Estatuko Aldizkari Ofizialak Zaramagako Eliza Memoria Leku izendatzeko prozedura
Gertakarien 49. urteurrenean ireki da, hain zuzen ere, kudeaketak egiteko urtebeteko epea, Poliziak bost langile hil zituen eliza Memoria Leku izendatze aldera.
agentziak | eitb media
Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO) astelehen honetan, martxoaren 3an hain zuzen ere, argitaratu du Gasteizko San Frantzisko Eliza, 1976an gaurko egunez Poliziak bost langile hil zituen tokia, Memoria Leku izendatzeko prozedura.
Fernando Martinez Memoria Demokratikorako Estatu idazkariak sinatutako ebazpenean agertzen denez, gehienez urtebeteko epea egongo da kudeaketa guztiak egiteko.
Aldizkari Ofizialean argitaratutako testuan azaltzen denez, 1976ko martxoaren 3an Poliziak langileen asanblada "neurririk gabe" desegiteko agindua jaso zuen, eta elizatik gertu zenbait langilek polizien tiroak jaso zituzten, horietako hiru hil ziren lekuan bertan, eta bi, egun batzuk geroago. Guztira, Poliziak 42 langile zauritu zituen tiroz.
Argitaratutako txostenean azpimarratzen da 1976ko martxoaren 3a "data ahaztezina" dela "Gasteizko, Euskadiko eta Espainia osoko langileentzat".
"Martxoaren 3ko gertakariak Gasteizko herritarren memoria iraunkorrean iltzatuta geratu dira, langileek lan eta bizitza baldintzak hobetzeko egin duten borrokaren sinbolo dira, eta Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ondorengo Espainian Poliziak langileen mobilizazioei egiten zien errepresio gogorraren irudi", gaineratzen da.
1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak gogoan, beste urte batez, Gasteizen
Elizari dagokionez, Espainiako Gobernuaren ebazpenak dio "Gasteizko langileen ordezkariak hartzen zituen elkarrizketarako espazioa" zela, "askatasun politikorik eta sindikalik ez zegoen garaian".
"Duen balio sinbolikoagatik, langileen iruditerian duen garrantzia handiagatik, diktaduraren zapalkuntzaren aurrean erresistentzia erakusteagatik, gertakari eta hilketa ikaragarri horien erreferente izateagatik, San Frantzisko Eliza eta 1976ko martxoaren 3ko gertakariak Memoria Demokratikoaren Leku izendatzea merezi dute", nabarmentzen du.
Gaur txostena argitaratzeaz gain, aurreko asteazkenean, Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak berretsi zuen 600.000 euroko aurrekontua bideratuko dutela Memoriala eraikitzeko.