Politika -
BIDAIA OFIZIALA
Pradalesek datorren astean egingo du Estatu Batuetara lehen bidaia ofiziala
Aliantza politiko, ekonomiko, enpresarial eta sozial berrien bila doa lehendakaria, "ondorio ezezagunak izango dituen aldaketa geopolitiko handi eta sakonak gertatzen ari diren garai honetan".
Agentziak | EITB MEDIA
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ameriketako Estatu Batuetara lehen bidaia ofiziala egingo du datorren astean, aliantza politiko, ekonomiko, enpresarial eta sozial berriak egin nahian, "ondorio ezezagunak izango dituen aldaketa geopolitiko handi eta sakonak gertatzen ari diren garai honetan".
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, martxoaren 10etik 13ra izango den bidaiak "izaera politiko nabarmena" eta "agenda instituzional, ekonomiko eta kultural zabala" ditu. Lehenengo topaketa Washingtongo Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideekin egingo da, Pradalesek "zuzenean" ezagutu nahi baitu AEBko egoera politikoa, "bertan entzundakoa EAEko eragileei zuzenean helarazteko".
Era berean, egungo harreman trasatlantikoen egoera eta EAEko enpresentzako balizko aukerak eta mehatxuak aztertuko ditu ordezkari politiko horiekin, Donald Trump presidentearen administrazioak ezarritako neurri berrien aurrean hobeto prestatzeko helburuarekin.
AEBko hiriburuan bertan, Jaurlaritzako lehendakariak "munduan zehar dauden enbaxadoreen sarea handitzeko aprobetxatuko du"; hirian bizi diren euskal profesionalak dira enbaxadore horiek.
Hain zuzen ere, diasporako euskal herritarrei esker Euskadik munduan presentzia handiagoa izatea da Pradalesek berak joan den urtarrilean Pasaian (Gipuzkoa) aurkeztu zuen 'Euskadi Globala' estrategiaren oinarrietako bat. Harreman horiek AEBn interesa duten euskal enpresekin agenda ekonomikoa eta enpresariala egiten lagunduko dute, eta alderantziz.
Martxoaren 10ean eta 11n Washingtonen egon ondoren, Pradales New Yorkera joango da, eta IBM enpresa bisitatuko du bertan. Gainera, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, bilera instituzionala egingo du Solomon R. Guggenheim Fundazioaren arduradunekin, Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendaritza aldaketa dela eta irekiko den zikloarekin bat eginez.
"Topaketak pinakotekaren etorkizuneko erronkei heltzeko ere balioko du, hala nola bilduma propioa sustatzea, museoaren nazioarteko dimentsioa indartzea eta Euskadiko ekosistema kulturala garatzeko funtsezko palanka izaten jarraitzea", azaldu dute.
Bileraren helburua da Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioko kide eta patroi sortzaileen arteko harremanak estutzea, Imanol Pradales bera patronatuaren presidentea baita une honetan.
Bidaia bukatzeko, Washingtonera bueltan, Pradalesek 'Demokrazia, harreman transatlantikoak eta multilateralismoa: nazioarteko eszenatoki berriaren ikuspegi europarra' mahai-inguruan parte hartuko du, George Washington Unibertsitatean.
Gaurkotasun geopolitikoa, harreman transatlantikoa, segurtasuna, merkataritza eta muga zergen politika izango dira mahai-inguruaren ardatz, baita AEBn demokrazia eta erakundeak indartzeko balio dezaketen esperientziaz aberastea ere.