Politika -

Espetxe-politika

Xabier Zabalo ETAko presoari hirugarren gradua kendu diote

Zaballako Espetxe Zaintzako Batzordeak hala erabakita, joan den asteko astelehenetik zegoen hirugarren graduan Zumarragako presoa, baina Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea jarri zuen erabakiaren aurka, eta astelehenean espetxera itzuli behar izan zuen.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak Xabier Zabalo ETAko presoari emandako hirugarren gradua. Zumarragako presoa hirugarren graduan zegoen joan den asteko astelehenaz geroztik, Zaballako Espetxe Zaintzako Batzordeak hala erabakita. Baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu du eta Zabalo berriro espetxeratu dute.

Sarek ohar bidez atsekabea adierazi eta "gradu erregresiotzat" jo du Auzitegiaren erabakia. "Zein oinarrirekin erabakitzen da espetxeko profesionalek egokitzat ikusten duten aurrerapausoari helegitea aurkeztu eta berehalako prozeduraz gainera, Xabier espetxera bidaltzea?", galdetu du euskal presoen aldeko mugimenduak.

Xabier Zabalo 30 urteko zigorra betetzen ari da, eta 2025eko urrian beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. "Espetxe ibilbidean pauso guztiak emanak ditu aurrez Xabierrek", adierazi du Sarek; "irteera programatuetan parte hartu zein baimen ezberdinak gauzatu ditu". Gauzak, horrela, "lege arrunta ardatz, hirugarren gradua eman zaiona baino lehenago behar zuela diote etxerako bidea diseinatzen duten irizpideek. Pairatu behar izan duen erregresiorik gabe, noski", erantsi dute.

Testuinguru horretan, Sarek, datorren ostiralean, martxoaren 7an arratsaldeko 20:00etan Urretxuko Areizaga-Kalebarren plazan antolatu duen mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du, "salbuespenezko erabakiek salbuespenezko egoerak sortzen dituztelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Presoak bideoak Albisteak Gaur Zumarraga Eguneko albisteak