Politika -
Independentziaren eztabaida
Masek enpresako bazkide batekin konparatu du Espainia
Burujabetasunaren inguruko eztabaida "argudio irmoekin eta soseguz" egitearen alde azaldu da Generalitateko presidentea.
Erredakzioa
Hitzartutako dirua ordaintzen ez duen eta, are gehiago, zorra dagoela onartzen ez duen eta merkataritza arauak nahieran apurtzen dituen enpresa bazkidearekin alderatu du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak Espainia, Estatuak Kataluniarekin duen harremana ahotan hartuta.
Ediciones Primera Plana-El Periodico-k antolatutako mahai-inguruan, Kataluniaren etorkizunaren inguruko eztabaidan "alde guztietatik zarata" egotea normala dela esan du, eta eztabaida "argudio irmoekin eta soseguz" egitearen alde azaldu da Mas.
Ekitaldian zeudenei Katalunia herrialde bat beharrean, enpresa bat balitz bezala pentsatzeko esan die. "Pentsa, enpresako bazkide batek administrazio kontseiluko akordioen aurka egiten duela auzitegietan, eta kapitala jartzeko konpromisoa duen arren, ez duela egiten, gainera, horren ordez, beste tokietan jartzen duela dirua".
"Demagun bazkide horrek merkatu arauak alde batera utzi eta errentagarritasun irizpiderik gabeko inbertsioak egiten dituela ere. Eta pentsa, gainera, enpresa ereduak funtzionatzen ez duela ikusi baina ez duela aldaketarik adostu nahi", adierazi du Generalitateko presidenteak.
“Bazkide hori” enpresaren kontabilitateaz arduratzen dela azaldu du, "baina, beti emaitzak ezkutatzen dituela, fakturak ordaintzen ez dituela eta bere zorra onartzen ez duela kontuan hartuta, zer egingo genuke?", galdetu du. "Seguruenik, esku hartu eta erabakiak hartu beharko genituzkeela ondorioztatuko genuke", azpimarratu du.