Politika -
TRANSFERENTZIAK
Jaurlaritzak bere gain hartu ditu atzerritarren lan-baimenen eta meteorologiaren eskumenak
Gernikako Estatutuan jasota dauden 25 eskumen geratzen dira eskualdatzeko. 2025. urtea amaitu baino lehen eskumen denak eskualdatuta izan nahi ditu Jaurlaritzak.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak atzerritarren lan-baimenen eta meteorologia-zerbitzuaren eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko akordioa sinatu dute.
Transferentzien Batzordea joan den astean zen biltzekoa, baina atzeratu egin zuten azkenean, "agenda arazoak" zirela eta.
Azken hitzorduetan egin moduan, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak eta Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroak zuzendu dute bilera.
Ubarretxenak azaldu duenez, atzerritarrentzako lan-baimenen eskumena Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kudeatuko du uztailaren 1etik aurrera. "Migratzaileen harrera-ibilbideak osatzeko eta haien integrazioa errazteko" eta "gobernuak ematen dituen egoitza-baimenak arintzeko" balioko du, bere ustez.
Joan den abenduan, Itsasertzaren Kudeaketa eta Zinematografia Jardueraren eskuduntzak sinatu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzaren kronogramaren arabera, lan-baimenena eta meteorologiarena izenpetuta, Gernikako Estatutuan jasota dauden 25 eskumen daude eskualdatzeke.
Aurreikuspenen arabera, interes orokorreko aireportuen eta portuen kudeaketa, enplegu-politika pasiboen eskumena eta Gizarte Segurantzarena dira negoziatuko dituzten hurrengoak. Azken hori izango da konplexuena, bi aldeek hainbatetan aitortu dutenez.
Gernikako Estatua osorik betetzeko konpromisoa itxi zuten EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako adostu zuten itunean, eta Eusko Jaurlaritzarako gobernu koalizioa osatzeko programa-akordioan ere konpromiso bera berretsi zuten jeltzaleek eta sozialistek.
2025. urtea amaitu baino lehen eskumen denak eskualdatuta izan nahi ditu Jaurlaritzak.