Politika -
DESANEXIOA
Igeldon gaur eratuko da toki-entitate txikia kudeatuko duen batzordea
17:00etan egingo da ekitaldia, Igeldon bertan. Han izango dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Donostiako Udalaren ordezkaritza zabala, Eneko Goia alkatea buru dela.
EITB MEDIA
Joan den abendutik, Gipuzkoako hirugarren toki-entitate txikia da Igeldo —Ereñozu eta Itziar dira besteak—, eta gaur eratuko da kudeaketaren ardura hartuko duen batzordea.
Ekitaldia 17:00etan egingo da, eta bertan izango dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Donostiako Udalaren ordezkariak, Eneko Goia buru dela. Alderdi Popularrak jakinarazi du ez duela parte hartuko ekitaldian, ez baitu "beharrezko" ikusten entitate txikia sortzea.
Bere aldetik, Juan Carlos Izagirre EH Bilduren udal bozeramaileak eta Gipuzkoako Aldundiak Igeldoren desanexioa baimentzen zuen foru dekretua onartu —ondoren, baliogabe utzi zuen EAEko Justizia Auzitegiak— zuenean hiriko alkatea (2013) zenak iragarri du adierazpenak egingo dituela gaurko ekitaldiaren amaieran. Ohar batean, koalizio subiranistak nabarmendu du herrien erabakitzeko eskubidearen alde beti egingo duela lana.
Prozesu mailakatua
Tokiko entitatea eratuta, batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du hasiera batean prozesua, eta 2027ko udal hauteskundeetatik aterako da ondoren tokiko batzarra eta auzo-alkatea. Modu horretan, ez da udalerria izango, baina auzo batek baino eskumen gehiago izango ditu aurrerantzean.
Igeldok bere gain progresiboki hartuko ditu hainbat eskumen: lehen bi urteetan, bide publikoak, parke eta lorategiak, argiteria, eraikin publikoen mantentze-lana eta kultura, euskara eta kirol jarduerak kudeatuko ditu; aurrerago, berriz, hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta errepide nagusiaren zaintza hartuko ditu bere gain.