Politika -
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
Burujabetzaren bidean ziklo berri bat irekitzeko momentua dela esan du Gure Eskuk
Ekainaren 7ko mobilizazioa aurkezteko herriz herri egiten ari diren batzarretan jaso duten gogoeta partekatu nagusia da "burujabetzaren auziari heltzeko" eta "urrats sendoak emateko" unea dela, "are gehiago nazioarteko testuinguru nahasi honetan".
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Ziklo politiko berri baten hasiera irudikatu nahi du Gure Eskuk ekainaren 7an 'Herri Libre Bat' mobilizazioaren bidez, sinetsita baitago hau dela momentua aurrera egiteko. Nazioarteko egungo testuinguru nahasian, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak uste du inoiz baino beharrezkogoa dela "Euskal Herriak ahots eta ikuspegi propioa" izatea.
Ekaineko ekimena aurkezteko herriz herri hainbat eragilerekin egiten ari diren aurkezpen eta batzarretan ateratako lehen inpresioak aurkeztu dituzte Josu Etxaburu eta Mirian Campos Gure Esku dinamikaren ordezkariek, goizean Bilbon egindako agerraldian. "Aurrera egiteko garaia dela genion deialdiko agiriaren izenburuan. Herri gisa aurrera egiteko garaia dela diogu gaur ere. Euskal Herriko gehiengo zabal baten uste sendoa da, ez gure ustea bakarrik. Hori da deialdia plazaratu genuenetik, joan den azarotik hona, egiaztatu ahal izan duguna", azaldu dute.
Herri gisa aurrera egiteko, muga administratiboak gainditu eta elkartzea ere ezinbesteko jotzen dute herri plataformako kideek, eta horretarako, dei berezia egin diete otsaileko Baionako Mugaz Gaindiko Topaketan parte hartu zuten agintari eta ordezkari politikoei, mugarri izan nahi duen mobilizazioan parte hartu dezaten. "Ahaleginak batu behar ditugu, eta eragileek, erakundeek eta herritarrok batera egin behar dugu bultza, baita kalean ere", erantsi dute.
Dagoeneko, hainbat herritan martxan dira 'Herri Libre Bat' izeneko batzordeak, ekaineko mobilizazioa antolatu eta dinamizatzeko. Oraindik talderik sortu ez diren herrietan ere urrats hori emateko deia egin du Etxaburuk, "herritarron eginkizuna funtsezkoa delako".