Politika -

Zorra barkatzea

EAEko zorraren gakoak eta beste erkidego batzuei zorra barkatzeak Kupoan izan dezakeen eragina

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zorra 11.000 milioi euro ingurukoa da, biztanleko 4.800 bat eurokoa. Euskadiko aberastasunaren % 12 baino gutxiagoko zorra da.

Noel d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua, hedabideen aurrean. Argazkia: EFE
Noel d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua, hedabideen aurrean. Argazkia: EFE
Noel d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua, hedabideen aurrean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) da Barne Produktu Gordinarekiko (BPG) zorraren portzentaje txikiena duen erkidegoa. Zehazki, Espainiako zorraren batez bestekoa baino hamar puntu azpitik dago.

EAEko zorra 11.000 milioi euro ingurukoa da, biztanleko 4.800 bat eurokoa. Euskadiko aberastasunaren % 12 baino gutxiagoko zorra da. Ehuneko hori garrantzitsua da, ekonomiaren produkzio-jarduerak sortzen dituen baliabide eta diru-sarrera publikoekin ordaintzen baita zorra.

EAEk eta Nafarroak finantziazio sistema propioa dutenez, Espainiako Estatuko erregimen komunetik kanpo daude, eta Ogasun Ministerioak iragarritako 80.000 milioiko kitapenak bi erkidegoei kalte egin diezaieke zeharka. Izan ere, Espainiako Estatuak bere gain hartzen du erregimen komuneko erkidegoen zor hori, eta Kupoak barne hartzen ditu zor publikoari eta haren interesei lotutako Estatuaren kargak. Beste era batera esanda, Estatuak zenbat eta zor handiagoa izan, orduan eta gastu handiagoa Kupoaren % 6,24aren bidez ordaintzeko.

Bestalde, EAEko Finantza Aliantzara bideratuko diren 1.000 milioiak automatikoki zor handiagoaren kontura izango dira, eta, hori dela eta, Imanol Pradales lehendakariak "malgutasuna" eskatu du pasibo hori handitu ahal izateko.

"Malgutasun" hori, lehendakariak martxan jarri nahi dituen bi baliabide horiek, zor bidez iritsiko lirateke, eta, Eusko Legebiltzarraren oniritzia lortzeaz gain, Espainiako Gobernuaren babesa beharko lukete.

Gauzak horrela, Noel d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak komunikabideen aurrean ziurtatu duenez, erkidegoen zorra barkatzeak "ez du eraginik izango 2027ra arteko kupoetan", baina data horretatik aurrera Kupoaren bost urteko legea negoziatu beharko dela ohartarazi du, eta Eusko Jaurlaritza "barkatze horren balizko eragina murrizten saiatuko da".

Zorpetzeari dagokionez, d'Anjouk argitu du Finantza Aliantzarako 1.000 milioi euroak, Eusko Jaurlaritzak egingo duen etorkizuneko industria egitasmo bati oso lotutakoak, ez dutela "zorpetze gehiago edo inolako malgutasunik behar". Sailburuak % 11,44ko zorra aurreikusi du 2025 ekitaldiko amaieran. "1.000 milioi gehiago jaulkitzen baditugu, Espainiako Gobernuarekin Batzorde Mistoan adostu ditugun mugen barruan egongo gara", azpimarratu du.

Bestalde, d'Anjouk iragarri du Eusko Jaurlaritzak hurrengo Ekonomia Itunaren Batzorde Mistora proposamen bat eramateko asmoa duela, EAErako zorpetzearen % 13ko muga malgutzeko, guztia Finantza Egonkortasun eta Jasangarritasun Egitasmoaren baitan.

"Guztiok ari gara ikusten ekonomian eragina duten aldaketa geopolitikoak, adibidez muga-zergen ondorioak, eta nahi duguna da testuinguru berri horri aurre egiteko gaitasuna izatea; Euskadiko industria, enpresa eta ekonomiari lagundu ahal izatea", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kontzertu Ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak María Chivite Imanol Pradales