Politika -

Etxegabetzeen legea

Rubalcaba: 'Etxerik gabe inor ez gelditzea da helburua'

PSOEk lege proposamen bat erregistratu du hipoteka sinatu eta lanik gabe gelditu ostean, ordaindu ezinik dauden "asmo oneko lagunei" zuzenduta.

Rubalcaba etxegabetzeen legea aldatzeko PSOEren lan taldearekin. EFE
Rubalcaba etxegabetzeen legea aldatzeko PSOEren lan taldearekin.
Rubalcaba etxegabetzeen legea aldatzeko PSOEren lan taldearekin. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorrak etxegabetzeak saihesteko Gobernuarekin lehenbailehen negoziatu nahi du, alderdiaren helburua hipoteka ordaindu gabe dagoen inor "etxerik gabe ez gelditzea baita".

PSOEren egoitzan hitz egin du Rubalcabak etxegabetzeen legea aldatzeko alderdiak deituriko lan taldearekin bildu ostean.

Alderdiak Kongresuan lege proposamen bat erregistratu duela azaldu du (zortzi hilabetez lanean egon dira eta Europako beste legedietan oinarrituta dago) eta astelehenean Gobernuarekin negoziatuko dutela gaineratu du.

Helburua, "etxerik gabe inor ez gelditzea" dela esan du, izan ere, hipoteka sinatu eta lanik gabe gelditu ostean, ordaindu ezinik dauden "asmo oneko lagunei" zuzenduta dago.

PSOEren proposamenak (aurrera ateraz gero bost lege aldatzea ekarriko luke) luzamendu bat aurreikusten du, negoziazio prozesua indarrean dagoen bitartean etxea enkantean ateratzea saihesteko eta atzerapenen interesen "abusuak" ekiditeko.

Tasazioaz ere hitz egin du eta etxebizitza bat enkantera iristerakoan, mailegua ematerakoan ezarri zen prezioa baino baxuagoa ez izatea nahi du PSOEren proposamenak.

Halaber, lege berri bat egon bitartean, Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioari eta Bankuen Espainiako Elkarteari etxegabetzeak bertan behera uzteko eskatu diela ekarri du gogora.

Asteleheneko bilera Gobernuaren eta PSOEren artekoa bada ere, buruzagi sozialista denekin hitz egiteko prest azaldu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea