Politika -

Gainerako alderdiekin

Erakunde publikoei begira erabakiak hartzeko bilerei ekin die EAJk

EITB, Diru Kontuen euskal Epaitegia eta Legebiltzarreko Mahaia, besteak beste, mahai gainean daude, Euskadi Irratiak jakin duenez.

Iñigo Urkullu. Argazkia: EITB.
Iñigo Urkullu. Argazkia: EITB.

Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alderdi Jeltzaleak bilera teknikoei ekin die gainerako alderdiekin, bakarrik gobernatuko duela erabaki ondoren, erakunde publikoei begira erabakiak hartzeko.

EITB, Diru Kontuen euskal Epaitegia eta Legebiltzarreko Mahaia, besteak beste, mahai gainean daude, Euskadi Irratiak adierazi duenez.

Izenen dantza ere hasi da, Iñigo Urkulluk Jaurlaritzara dei ditzakeen sailburu berrien inguruan. Sabin Etxeak gauza bakarra aurreratu du: egungoak ez bezala, hamar kide baino gutxiagoko Gobernu taldea izango da.

Horren arabera, Urkulluk buruan omen du osatu nahi duen Jaurlaritza, izen-abizen eta guzti. Gizonezko eta emakumezkoen arteko parekotasuna zainduko du, eta alderdiko profila duten kideak izango dira, EAJko iturriek jakinarazi dutenez.

Urkulluk zer nahi duen pentsatuta izan arren, hautagaiak konbentzitu egin behar ditu orain, eta lan horri ekingo dio datozen egunotan EAJko buruzagiak.

Jaurlaritza osatuko duten izen berriez gain, bestelako zereginak ere baditu EAJk. Zerrendan lehenengo, EITBren zuzendari nagusi berria hautatzea. Gehiengo absolutua behar du horretarako, eta, ondorioz, negoziatzeko bi aukera baino ez daude: EH Bildu eta PSE-EE. Euskadi Irratiak jakin duenez, hartu-eman horiek sakondu gabe daude oraindik.

Legebiltzarreko Mahaia negoziatzeko, EAJk ez du arazorik espero. Hauteskundeetako emaitzak errespetatzea nahi dute jeltzaleek: Presidentetza eurentzat nahi dute (Bakartxo Tejeriak hartuko luke Quirogaren lekukoa). Lehen presidenteordea EH Bilduk aukeratu beharko luke; bigarrena, PSE-EEk; eta Mahaiko bi idazkariak PPk eta EAJk hautatu beharko lituzkete. UPyD izan liteke Mahaitik kanpo geratuko den alderdi bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea