Politika -
Kataluniako hauteskundeak
CiUk lege berri bat erabiliko du burujabetzari buruzko galdeketarako
CIUren lehen neurria Kataluniako Parlamentuko gehiengoak "erabakitzeko eskubidearen" aldeko adierazpen bat egitea izango litzateke.
Erredakzioa
Azaroaren 25eko hauteskundeetan CIUk garaipen argia lortuz gero, burujabetzari buruzko galdeketarako duen asmoak bi aukera utziko ditu: batetik, Gobernuari erreferendumak ahalbidetzeko estatuko legea aldatzeko eskaera egitea, eta bestetik, hori lortu ezean, erkidegoko lege bat egitea.
Hori berretsi dute CIUko indarrek eurek aurreikusten duten testuinguruaren arabera azaroaren 25ean garaipena lortuz gero.
Kataluniako presidenteak agindua berretsiz gero (gehiengo osoarekin edo garaipen argiarekin), Kataluniaren gehiengoa Estatu propio baten inguruko galdeketa lau urteren epean egitearen alde dagoela argudiatuko luke Artur Masen Gobernuak, izan ere, hori promestu du alderdiak.
Auzi horrek alderdi guztiak iritzia ematera behartu ditu. PPC eta Ciutadans aurka azaldu dira, ezkerreko alderdiak ordea, alde, baina xehetasun askorekin.
Ildo honetan, ERCren arabera, bideragarria da bi urteren buruan galdeketa egitea. ICV-EUiAren apustua orokorrean "erabakitzeko eskubidea" da; eta PSC akordatutako eta legezko galdeketa baten alde azaldu da, baina independentziaren aurrean, eredu federala nahi duela argitu du.
Artur Mas CIUko hautagaiak agintea berretsiz gero hartuko lukeen lehen neurria, Kataluniako Parlamentuan, alderdien gehiengoarekin, "erabakitzeko eskubidearen" aldeko adierazpen bat egitea izango litzateke, eta Gobernuarekin negoziatzeko erabiliko luke.
Galdeketa egiteko "erabilgarri dauden edo eratu daitezkeen esparru legalak" erabiltzea defendatu du Masek, "Katalunian, Espainian, Europan eta nazioartean". Espainian, hala ere, Konstituzioak ez du erkidego batek galdeketa lotesle bat egitea aintzat hartzen.
Horren harira, Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri Gaietarako ministroak estatu kolpe juridikoarekin alderatu zuen autodeterminazio erreferenduma eta Konstituzioa kontuan hartuta, hori egitea "ezinezkoa" zela berretsi zuen.
Dagoeneko alderdi bakoitzak ezagutzera eman duen jarrera kontuan hartuta, galdeketen legeak ERCren, Solidaritaten eta ICV-EUiAren babesa izango luke eta PPC eta Ciutadans aurka egongo lirateke. Bestalde, PSC behin betiko testuaren zain egongo litzateke eta Pere Navarrok dagoeneko esan du galdeketak aldez aurretik Estatuarekin akordatutakoa, loteslea eta legezkoa izango beharko lukeela. Auzitegi Konstituzionalak jarriko liokeen helegiterako, legearen aurka egiteko "pitzadura gutxiko" araudia prestatzen ari omen dira CIUko teknikariak.