Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Gure erreforma Gipuzkoakoa baino hobea eta aurrerakoiagoa da'
Jose Luis Bilbao Ondasunen gaineko Bizkaiko zergaren erreformaz aritu da. Horrez gain, 2013ko aurrekontuetako % 4,3ko murrizketaren alde egin du, helburua gastu sozialari eustea zelako.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusiak Ondasunen gaineko Zergaren Bizkaiko erreformaren alde egin eta Gipuzkoakoa baino hobea, aurrerakoia eta progresiboagoa dela adierazi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, aurrekontuetan egindako murrizketa justifikatu egin du, "egoera ikusita, lehentasunak jarri behar dira". Bizkaiko 2013ko aurrekontuen helburua gastu sozialari eustea dela gaineratu du Bilbaok, eta horretarako adinekoen bidaiei eta Athletic eta bestelako kirol erakunde profesionalei diru-laguntzak kendu izana justifikatu du.
"Gai horiek ez dute lehentasunik, ez dira premiazkoak ezta beharrezkoak ere, gauden egoeran egonda. Itxaron egin beharko dute", azpimarratu du Bilbaok.
Bizkaiko ahaldun nagusiak aurrekontuetan egindako % 4,3ko murrizketaren alde egin du. Guztira, 123 milioi euro gutxiago izango dira aurrekontuetan.
Garitanok akordioa proposatu zion
Bizkaiko ahaldunaren arabera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak akordio bat egitea proposatu zion Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileran. Akordio horren helburua Jaurlaritza gutxiengoan uztea omen zen.
Bilbaok esan duenez, gauza horiek "maila ezberdinetan" zeudela erantzun zion Garitanori, eta bilera hura "ez zela leku egokia horrelakoak eztabaidatzeko, aurrekontuez beste leku batean hitz egin behar delako".
"Akordio bat proposatu zidan. Lakuako atean geunden eta Arabako eta Bizkaiko tesien alde egitea eskaini zidan, hau da, onura fiskalen zati bat 2012ko aurrekontuetan ez sartzea. Horren truke, EAJk Gipuzkoako aurrekontuen alde egin behar zuen", azaldu du.