Politika -

BILERA-SORTA

Sanchez talde guztien ordezkariekin bilduko da, Voxekin izan ezik, defentsa gastua handitzeaz hitz egiteko

10:00etan zabalduko du erronda, Alberto Nuñez Feijoo PPren buruarekin, eta 16:30ean du azken hitzordua, UPNko Alberto Catalanekin. EH Bilduko Mertxe Aizpurua eta EAJko Aitor Esteban, berriz, 12:00etan eta 12:30ean hartuko ditu, hurrenez hurren.

Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerraren aurrean Europar Batasunak hartu beharreko norabidea, segurtasuna areagotzea eta defentsa gastua handitzea. Gai horiei buruz hitz egiteko, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Vox ez Kongresuko gainerako talde guztien ordezkariekin bilduko da Moncloan.

Bilera-sorta 10:00etan abiatuko du Sanchezek, Alberto Nuñez Feijoo PPren buruarekin. Oraingoz, popularrek ez dute argitu defentsa gastua areagotzea babestuko duten. Ondoren,  ERCko Gabriel Rufian (10:30) eta Juntseko Miriam Nogueras (11:00) hartuko ditu. Kataluniako alderdiekin hitz egin ostean,  EH Bilduren eta EAJren txanda izango da. Mertxe Aizpurua ezker abertzaleko koalizioaren eleduna 12:00etan eta Aitor Esteban jeltzaleen bozeramailea 12:30ean joango dira Moncloara.

Jarraian, etenaldi bat egingo du Sanchezek, taldeen ordezkariek Kongresuan aurreikusita dauden bozketetan parte hartzeko aukera izan dezaten, eta 15:00etan berrekingo dio errondari, Podemos alderdiko Ione Belarrarekin elkartuta. 15:30ean BNGko Nestor Regorekin du hitzordua; 16:00etan CCko Critina Validorekin; eta azkenik, 16:30ean UPNko Alberto Catalan hartuko du.

Joan den astean iragarri zuen Espainiako Gobernuko presidenteak alderdi guztiekin biltzeko asmoa zuela, Ukrainako gerraren harira EBren barruan segurtasunaren gaiak piztu duen eztabaidaz aritzeko. Lehen unetik utzi zuen Vox bilera-sortatik kanpo.

Gobernukide duen Yolanda Diaz Sumarren buruarekin joan den asteartean elkartu zen Sanchez defentsaren gaia lantzeko. Bilera horretan, presidenteak Diazi agindu zion defentsa gastua handitzeak ez duela murrizketarik ekarriko gizarte zerbitzuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak