Politika -
Inbestiduraren ostean
Urkulluk 'estatus berriaren' proposamena helaraziko dio Rajoyri
Koldo Mediavilla EAJko arduradun instituzionalak esan duenez, EAJk Kontzertuaren Batzorde Mistoa biltzea eskatuko du "defizita malgutzea" proposatzeko.
Erredakzioa
Iñigo Urkulluk "goi-malako bilera batean" Estatus Politiko berriaren proposamena helaraziko dio Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari, Koldo Mediavilla EAJko arduradun instituzionalak iragarri duenez. Gainera, EAJk Kontzertuaren Batzorde Mistoa biltzea eskatuko duela azaldi du, EAEko defizitaren helburua "malgutzeko" asmoz, Espainian dagoen defizitaren ardura ez duela argudiatuta.
Autogobernua
Espainiako Gobernuko presidenteari autogobernuaren inguruko aldarrikapenak helarazi nahi dizkiote jeltzaleek, baita bakearen ingurukoak, elkarbizitzakoak eta espetxe politikakoak ere. Halaber, murrizketengatik, lege dekretu bitartez, Gobernuak ezartzen dituen "zentralizaziorako neurriengatik" haserrea azaldu nahi diote.
Egun, Estatua "eredu autonomikoaren krisia" pairatzen ari dela uste du EAJko lehendakarigaiak. Ildo honetan, erkidego batzuk "eskumenak emateko", beste batzuk "erabakitzeko eskubidea errespetatzeko", eta besteek "estatu zentralera bueltatzeko" eskatzen dutela azaldu du.
Hori dela eta, EAJren agintaldiko "lehentasunetako bat" EAErentzat estatus politiko berri bat akordatzea eta aldebitasunetik eta akordioen menpeko erabakitzeko eskubidearen errespetutik, eremu nazionalaren onarpena lortzea dela esan du.
Kontzertuaren Batzorde Mistoa
Defizitari dagokionez, EAJk Espainiako Gobernuarekin "behin betiko" akordio batera iritsi nahi du Kontzertuaren Batzorde Mistoa biltzeko eta defizitaren "malgutasuna" lortzeko asmoz. "EAE ez da Espainiako defizitaren arduradun izan. Guk beste parametro eta beste aurrekontu oreka bat dugu", adierazi du.