Politika -
TRANSFERENTZIAK
Nafarroak "pauso sendoa" eman du Trafikoaren eskumena lortzeko, Parlamentuaren gehiengo zabalarekin
PP eta Vox izan dira aurka bozkatu duten bakarrak. 150 foruzain inguru gehiago beharko dira, eta baliteke horietako batzuk Guardia Zibiletik iristea.
agentziak | eitb media
Nafarroak Trafikoaren eskumena Foruzaingoaren esku uzteko "pauso sendoa" eman du gaur, Parlamentuan 50 bototik 45 aldeko boto jaso ostean.
PP (3), Vox eta eskuin-muturreko alderdi horretakoa zen alderdirik gabeko parlamentaria izan dira aurka bozkatu duten bakarrak.
Felix Taberna Foru Gobernuko presidenteordea izan da "pauso sendoa" eman dutela esan duena, eskumena eskuratzearen aldeko babesa jaso ostean. Datorren astean Nafarroa-Estatua Transferentzien Batzordea elkartuko da, eta ondoren Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratuko da eskumena eskualdatzeko dekretua.
Aste Santuaren ondoren izan liteke hori. Orduan hasiko da une "historikoa", "herritarren zerbitzua hobetzeko" egingo den eskualdatzea, autogobernua indartuko duena, eta 2026ko uztailean indarrean egon litekeena, Tabernaren arabera.
Prozesu horretan Trafikoko guardia zibilak Foruzaingoan sartzea aurreikusten da, baina oraindik ez daude baldintzak zehaztuta, ezta zenbat agentek izan dezaketen horretarako interesa ere. 150 foruzain gehiago beharko direla uste dute, baina hori ere behin behineko kopuru bat besterik ez omen da.
Gaurko pausoa emateko, aurretik Foru Hobekuntza aldatu behar izan zuten, Auzitegi Gorenak ebatzi baitzuen zegoen moduan ezin zuela eskumen hori hartu, eta Tabernak aitortu du "oztopoa" izan zela hori.