Politika -
MIGRAZIOA
Espainiako Gobernuak, Juntsekin, lortu du 4.000 adin txikiko migratzaile erkidegoen artean banatzeko akordioa
Ministroen Kontseiluak baiezkoa eman dio Espainiako Atzerritarren Legearen erreformari, eta horren arabera banatuko dira Kanarietan dauden adin txikiko migratzaileak autonomia erkidegoen artean.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak akordioa lortu du Junts alderdiarekin, gaur egun Kanarietan dauden 4.000 adin txikiko migratzaileak autonomia erkidegoen artean banatzeko.
Juntsek ohar bidez azaldu duenez, akordioak Kataluniara iritsiko diren adin txikiko migratzaileen kopurua "mugatuko" du. Horren arabera, 4.000 adin txikiko horietatik 20 edo 30 bakarrik iritsiko dira Kataluniara, eta 700, ostera, Madrilgo Erkidegora.
Kataluniako alderdi independentistaren esanetan, biztanle kopurua ez ezik, orain arte autonomia erkidegoek egin duten ahalegina kontuan hartuko da banaketa egiterakoan. Hori dela eta, Juntsek aurreikusi du orain arte adin txikiko askori hartzem dituzten erkidegoetara (Katalunia eta Euskadi, kasu) ez direla oraingoan asko iritsiko.
Antza denez, gainera, orain arte 18 urtez azpiko migratzaileak hartzeko ahalegin handiagoa egin dutenek ordaina jasoko dute, nola egingo duten zehaztu ez badute ere.
Ministroen Kontseiluak Atzerritarren Legearen 35. artikulua erreformatzea onartu du gaur goizean, dekretu bidez, eta horren arabera banatuko dira Kanarietan dauden adin txikiko migratzaileak autonomia erkidegoen artean. Juntsekin akordioa lortu ondoren erabaki du Espainiako Gobernuak gaia gaurko Ministroen Kontseilura eramatea, izan ere, alderdi horren babesa ezinbestekoa da Diputatuen Kongresuan erreformari baiezkoa emateko.
Sumar eta Coalicion Canariak Atzerritarren Legaren 35. artikulua erreformatzeko proposamena eraman zuten pasa den uztailean Kongresura, baina ez zen aurrera atera PP, Vox eta Junts aurka agertu zirelako.
Espainiako Gobernuak harrerarako baliabideei buruzko informazioa eskatu die erkidegoei
Adin txikiko migratzaileak banatzeko akordioa lortu ondoren, autonomia erkidego bakoitzak zenbat hartuko dituen jakitea falta da. Kopuruak zehazteko asmoz, harrera-baliabideei buruzko informazioa eskatu die Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei, eta martxoaren 31ra arteko epea eman die horretarako.
Angel Victor Torres Lurralde Politikarako eta Memoria Demokratikorako ministroa aritu da talde politikoekin negoziatzen, eta Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian emango ditu azalpenak.