Politika -
Ekitaldia Sukarrietan
Euskadik hazteko eta Europan nazio izateko oinarria duela dio Urkulluk
EAJren presidentearen ustez, Euskadik "autogobernuaren bide propioa bideratuta dauka".
Erredakzioa
Iñigo UrkulluEAJren presidentearen ustez, Euskadik "hazteko eta Europa berri batean berdintasunez nazio izateko oinarria eta bidea du".
Sabino Arana EAJren fundatzailearen heriotzaren 117. urteurrena ospatzeko Sukarrietan (Bizkaia) alderdiak egin duen ekitaldian, Urkulluk EAJren presidente gisa egingo duen azken agerraldi publikoa eskaini du, izan ere, abenduan lehendakari kargua hartuko du.
EAJren presidentearen iritziz, Euskadik "autogobernuaren bide propioa" bideratuta dauka. Era honetan, "oinarri onena" Kontzertu Ekonomikoa dela esan du, "burujabetasun ekonomikoa bermatzen duelako", eta "partekatutako subiranotasuna ahalbidetzen duen Estatuko formula modernoa" dela gaineratu du.
Etorkizun propioaren jabe izatea "gure ahalmenak kudeatzen jakitea eta autogobernuak eskaintzen dituen tresnei zukua ateratzea" dela esan du Urkulluk. Lehendakari gisa "erabaki zailak" hartu beharko dituela esan du "garai latzak datozelako", horregatik alderdiari "konfiantza, batasuna eta babesa" eskatu dio.
"Gobernu ekintzaile" bat egingo duela gaineratu du, denbora gehiago galdu gabe "norabidea aldatzeko eta makinak aktibatzeko", nahiz eta 2012an baino 1.300 milioi euro gutxiago izango dituen, horregatik "gerrikoa estutu" beharko dela esan du.
Hala ere, "baikor" azaldu da eta lehen bi bilera-sortetan beste alderdiekin akordiorik lortu ez duen arren, datozen hilabeteetan lortuko duela uste du.