Politika -
Politika orokorreko saioa
De Andresek akordioen beharra azpimarratu du, aurrekontuak onartzeko
Oposizioko alderdiek Arabako Foru Aldundiak azken urtean izan duen jarrera salatu dute, eta aurkeztu berri duen aurrekontu proposamena baztertu dute.
Erredakzioa
Politika orokorreko bigarren saioa egin dute gaur Arabako Batzar Nagusietan, eta oposizioko alderdiek atzo ahaldun nagusiak esandakoei erantzun diete. Besteak beste, krisi ekonomikoa eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen aurrekontu proposamena izan dituzte hizpide.
De Andres gutxiengoan gobernatzen ari da, eta, horregatik, oposizioko alderdiei dei egin zien atzo, krisi ekonomikoari aurre egiteko “itun” bat sinatzeko.
Goizean zehar, ahaldun nagusiak akordioen beharra azpimarratu du, 2013ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Halaber, alderdiei beren interesak alde batera uzteko eskatu die.
Oposizioko alderdien kritikak
EAJ, Bildu, PSE-EE eta EB oposizioko alderdiek Arabako Foru Aldundiak azken urtean izandako jarrera salatu dute, eta aurrekontu proposamena baztertu dute.
Ramiro Gonzalez EAJko bozeramaileak adierazi duenez, “De Andresen gobernua bukatuta dago”, eta aurrekontu proposamen horrekin “ia ezinezkoa da akordioak lortzea”.
Gorka Ortiz de Guinea Bilduko batzarkidearen hitzetan, ahaldun nagusiak ez zuen lurraldearen aniztasuna kontuan izan atzoko hitzaldian.
PSE-EEko Cristina Gonzalez batzarkideak aldaketak eskatu dizkio Diputazioari, eta aldaketarik ez badago, sozialistek “aldaketa horiek eragiteko lan egingo dute”, gaineratu du.
Ezker Batuko Nerea Galvezen ustez, Araba duela urtebete baino okerrago dago, Madriletik datozen aginduei jarraitzen dielako, eta Arabako ahaldun nagusiak akordioetara heltzeko prestasunik ez duela salatu du.