Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Sanchez, defentsa gastua igotzeaz, Batasunaren Prestaketa Estrategia eta greba hezkuntzan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko martxoaren 26an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pedro Sanchez, Europaren berrarmatze planaz: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du Diputatuen Kongresuan, Europaren berrarmatzearen inguruan bera buru duen gobernuak duen jarrera azaltzeko eta defentsa gaietan egin beharreko gastua handitzeko beharra defendatzeko. Sumar, gobernu-koalizioko kidea, eta bere inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdi politiko kontran izango ditu presidenteak gai honetan. Osoko bilkura 09:00etan hasiko da.
- Batasunaren Prestaketa Estrategia: Europar Batasunak hornigaiak pilatu ditzaten eskatu die herritarrei, balizko gerra eta klima-larrialdi bati aurre egiteko. Zehazki, 72 orduan inoren laguntzarik gabe egoteko adina hornigai etxean izatea gomendatuko zaie; horien artean, elikagaiak, sendagaiak, ura eta gailu elektronikoetarako bateriak.
- Hezkuntzako greba: Aste honetan bigarrenez, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek greba egitera deitu dituzte EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko irakasleak. Manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 11:30ean hasita.