Politika -
Arabako Batzorde Exekutiboa
Javier Hurtado izendatu dute Arabako PSE-EEren idazkari nagusi, alderdikideen % 90,5ek babestuta
Gipuzkoako sozialistek, bestalde, bihar aukeratuko dute batzorde berria, baina Jose Ignacio Asensiok idazkari nagusi izaten jarraituko du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Egungo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado hautatu dute gaur Arabako PSE-EEren idazkari nagusi, alderdikideen % 90,5ek babestuta. Guztira, 85 boto eman dituzte: 77 Arabako Batzorde Exekutibo berriaren alde, 0 kontra eta 8 boto zuri.
Hartara, orain arte presidente izandako Cristina Gonzalezen lekukoa hartu du karguan Hurtadok, Gasteizen igande honetan egin duten ekitaldian.
Hitza hartu duenean, idazkari nagusi berriak nabarmendu du "justizia soziala" eta "aukeren berdintasuna" dituela oinarri Alderdi Sozialistak; "ez, ordea, EAJk, EH Bilduk, PPk eta Voxek, nazionalismoa eta banaketak hauspotzen baitituzte".
Kargu berriagatik duen "erantzukizun handiaz" jabetuta, Hurtadok hitzeman du eginahalak egingo dituela Arabak merezi dituen oraina eta etorkizuna izan ditzan, "buruzagi ausart baten eskutik", eta "bide-orri argi eta progresista sendo bati helduta".
Arabako PSE-EEren Batzorde Exekutibo berria 28 pertsonak osatzen dute: 14 emakumek eta 14 gizonek.
Gipuzkoako sozialistek Asensio izendatuko dute berriro idazkari nagusi
Bestalde, igandean egingo du X. Kongresua Gipuzkoako PSE-EEk, eta bertan aukeratuko dute Batzorde Exekutibo berria, berriro ere Jose Ignacio Asensio buru izango duena.
Kongresu horren helburua "gipuzkoar sozialismoa indartzea" izango dela esan dute, eta horretarako, esparru guztietan egingo dutela lan: erakundeetan, herrian, elkarteetan eta sindikatuetan.
Torresek Bizkaiko sozialisten politika erabilgarria defendatu du
Otsailean jakin zen Mikel Torres izango zela, ostera ere, Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusi, ez baitzen beste hautagaitzarik aurkeztu. Horren izendapena, baina, iragan astean ofizialdu zuten, Batzorde Exekutibo berria aukeratuta.
Agerraldian, Torresek "politika erabilgarriaz" hitz egin zuen, eta esan zuen Alderdi Sozialista beti izan dela "jendearen alderdia". "Beste batzuek, aldiz, eskubideak murrizten dituzte, onkeria faltsu batean edo populismo suntsitzaile baten atzean mozorrotuta", erantsi zuen.