Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Estatus berriari buruzko akordioa ez dago itxita EAEn eta Madrilen bidea luzea izango da, Estebanen arabera

EAJren EBBko presidente berriak bide luze eta zaila aurreikusi du, eta obsesiorik ez dela izan behar nabarmendu du.

Aitor Esteban, gaur, Radio Euskadin
Aitor Esteban, gaur, Radio Euskadin
Aitor Esteban: ''Behartuta gaude alderdien artean konfiantzazko giroa sortzera''

0:36

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente izendatu eta biharamunean, Aitor Estebanek estatus politiko berri baterako espektatibak apaldu ditu. Buruzagi jeltzalearen arabera, alderdi politikoen arteko akordioa ez dago itxita Euskadin, nahiz eta "ondo bideratuta" egon, baina Madrilen mila oztopo eta gehiago egongo direla aurreratu du.

"Ikusiko ditugu, une honetan, alderdi batzuen jarrera politikoak, PPrenak adibidez, Senatuan legez besteko proposamenak egin baititu Gernikako Estatutua ez betetzeko eta Estatutuan bertan agertzen diren transferentziak ez emateko. Orain gehiengo osoa du Senatuan. Legedi bat eta Estatutu berri bat igaro behar baditugu, hortik igaro beharko dugu ", gogorarazi du. Halaber, nabarmendu du gaur egun konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtso bat dagoela, balizko estatutu berria erreferendumera eraman baino lehen. "Beraz, mila zailtasun egongo dira", gaineratu du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, prozesu luzea eta zaila izango dela esan behar zaio jendarteari. "Ez dut frustraziorik sortu nahi jendearengan", gehitu du. Euskadin alderdi politikoen arteko akordioa lortzea alderik errazena dela uste du, baina behin hori lortuta Madrilera joan behar dela gogoratu du. Kongresuaren eta Senatuaren onespena jasotzeaz gain, kanpoko presioak ere gainditu behar direla azpimarratu du.

Dena den, bidea oso luzea izango dela iritzita, uste du ez dela obsesionatu behar estatutu berriarekin

Aitor Estebanen iritziz, estatus berri baterako "aukera leihoa irekita dago eta saiatu egin behar da", baina horrek ez du esan nahi aukera leiho bakarra denik eta etorkizunean berriro irekiko ez denik. "Adi egon behar dugu", gaineratu du. 

Bestalde, Euzkadi Buru Batzarrak bozeramaile bat izango duela iradoki du. Horren esanetan, alderdiak komunikatu egin behar du eta hedabideetan aldizkako presentzia izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi politikoak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Euskal Y EAEko Estatutua