Politika -

EKITALDI INSTITUZIONALA

Lehen legebiltzarkideak omendu dituzte, "une erabakigarri hartan" hartutako "konpromisoagatik"

Ekitaldia Gernikako Juntetxean egin dute, duela 45 urte Legebiltzarra eratu zen lekuan. Euskal erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak bertan izan dira.

Lehen legebiltzarkideak gogoratu eta omendu dituzte Gernikako Juntetxean

2:29

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak omenaldia egin die bere lehen legealdiko legebiltzarkideei, eta Bakartxo Tejeria egungo presidenteak eskerrak eman dizkie "euskal herritarrekin hartutako konpromisoagatik, gure historiako une erabakigarri hartan". Ekitaldia Gernikako Juntetxean egin da, duela 45 urte ganbera autonomikoa eratu zen lekuan. Euskal erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak bertan ziren.

Eusko Legebiltzarrak, bere 45. urteurreneko ekitaldi nagusian, Gernikako Juntetxean bildu ditu, 1980ko martxoaren 31n bezala, haren lehen ordezkariak izan zirenetako batzuk, baita hil direnen familiak ere. Oraingo 13. legegintzaldiko legebiltzarkideak han ziren, baita legegintzaldi guztietako lehendakariak ere, Juan Jose Ibarretxe izan ezik: Imanol Pradales lehendakaria, eta Carlos Garaikoetxea, Patxi López eta Iñigo Urkullu lehendakari ohiak.

Beste erakunde batzuetako ordezkariak ere izan dira, hala nola ahaldun nagusiak eta Batzar Nagusietako presidenteak eta alderdi politikoetako kideak.

Ekitaldian, 70 domina banatu dira. Horietatik, hogeita hamar inguru legebiltzarkideek jaso dituzte, eta gainerakoak senideek edo ordezkariek.

Omenaldian, Eusko Legebiltzarreko presidenteak eskerrak eman dizkie lehen legealdiko legebiltzarkideei "Euskal Herriarekin hartutako konpromisoagatik, gure historiako une erabakigarri hartan".

"Gaur, Eusko Legebiltzarreko eserlekuetan gauden emakumeok eta gizonok omenaldi bat egin nahi diogu gaurko Euskadiren oinarriak jarri zituen belaunaldiari; eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen ahaleginagatik eta zuen asmamenagatik, herri gisa honaino ekarri gaituzten erabaki estrategikoak hartzeagatik", adierazi du.

Bakartxo Tejeriak Eusko Legebiltzar eratu berriak "ezohiko belaunaldi" horren oinarri izan ziren balioak eta printzipioak dituela azpimarratu du, "askatasuna, demokrazia, gure nortasunaren defentsa, berdintasuna, justizia, bizikidetza, bakea". "Balio eta printzipio horiek gidatu dute Eusko Legebiltzarraren jarduna 45 urteko ibilbidean", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Gernika-Lumo Eguneko albisteak Albisteak