Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Estebanen "zuhurtziaz" gain, Otegik "anbizio nazionala" eskatu du estatus berriaren akordiorako
EH Bilduren idazkari orokorrak aitortu du autogobernua eguneratzeko bidean "aurrera" egin dela, eta azpimarratu "aukera-leihoa orain" dagoela, Sanchezen gobernuarekin. Otegiren ustez, EAEk ez ezik Nafarroak ere heldu behar dio eztabaida horri, Euskal Herria nazio bat dela abiapuntu hartuta.
E. G. | EITB Media
Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari orokorrak aitortu duenez, estatus berriaren gaian lanak "aurreratuta" dituzte koalizio subiranistak eta EAJk, eta PSOErekin, PSE-EErekin eta PSNrekin ere elkarrizketak izan dituzte. Auzi honetan, Otegik uste du Aitor Esteban EAJko EBBren presidente izendatu berriak erakutsitako "zuhurtziaz" gain, "anbizio nazionala" behar dela "une honetan".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, orain, Pedro Sanchezen gobernuarekin zabaldutako "aukera-leihoa aprobetxatzeaz" aritu da EH Bilduren burua. Izan ere, horren aburuz, "mundu guztia konturatzen da hau dela momentua".
Otegik nabarmendu du lehen urratsa Euskal Herrian —lau lurralde aipatu ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa— "akordiorik ahalik eta zabalena" bilatzea da, "baina ez ditugun muga mentalekin; guk herri bezala aurrera egiteko zer behar dugun galdetuta, hori izan behar da eztabaida", argitu du. "Bidea Euskal Herria nazio bat dela aitortuta hasi behar da", erantsi du, eta nabarmendu ditu Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak nazio aitortzaz egindako adierazpenak.
Halaber, koalizio subiranistaren idazkari orokorrak aldarrikatu du Nafarroak estatus berriaren "eztabaidari heldu behar diola", nahiz eta ez duen zertan epe laburrean izan.
Bestalde, Marine Le Pen Frantziako eskuin muturreko buruaren inhabilitazioaz ere galdetu diote Otegiri. Buruzagi abertzaleak ohartarazi duenez, "eskuin muturraren oldarraldia" ekarriko du zigorrak. "Hori da nire beldurra. Ez dut uste Bilgune Nazionala ahultzea ekarriko duenik Estatu frantsesean, eta horrekin kasu egin behar da", adierazi du.
Izan ere, azaldu du Europan "ondo landutako egoera" duela eskuin muturrak, eta aitortu du ezkerrak horretan baduela erantzukizunik.