Politika -

Espainiako monarkia

Errege emerituak Kantabriako presidente ohia salatu du haren kontra "irainak" botatzeagatik

Juan Carlos Borboikoak adierazpenak jendaurrean aldatu ditzan eskatu dio Revillari, eta 50.000 euroko kalte-ordaina kalte moralengatik. Kantabriako presidente ohiak "lasai" dagoela esan du, errege emerituak iragarritako salaketa jasotzeko zain.

Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohia. Irudia: EITB
Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohia. Irudia: EITB
Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohia. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Borboikoa errege emerituak iragarri du Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente ohiaren aurka salaketa jarriko duela, 2022ko maiatzetik 2025eko urtarrilera hainbat komunikabidetan bere aurka egin dituen "adierazpen iraingarriengatik".

Guadalupe Sanchez errege emerituaren abokatuak —Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen mutil-laguna ere ordezkatzen du Espainiako Gobernuko kideen kontra arlo zibilean jarri dituen salaketetan— Revillari eskatzen dio adierazpen horiek publikoki eta modu berean zuzentzea eta 50.000 euroko kalte-ordaina ematea eragindako kalte moralengatik. Kalte-ordain horiek ordainduz gero, Caritasi emango zaizkiola azaldu dute.

Salaketa jarri aurretik, abokatuak adiskidetze-ekitaldi bat egitea eskatu du, Santanderreko Lehen Auzialdiko Epaitegietan auzia saihesteko, Novalex abokatuen bulegoak prentsa-ohar batean azaldu duenez.

Oharrak dioenez, emeritoak neurri judizialak abiatu ditu Revillak 2022ko maiatzetik 2025eko urtarrilera jendaurrean egindako adierazpenak direla eta.

Besteak beste, "zerga iheslari", "ustel" eta "herrigabe fiskal" deitu, eta "gehiegikeriak" egitea egotzi dio Revillak errege emerituari, Kantabriako presidente ohiak telebistan eta komunikabideei egindako adierazpenetan.

Zarzuelako iturriek jakinarazi dutenez, errege emerituaren ekimen pertsonala da salaketa, abokatu pribatuen bitartez, eta Errege Etxeari ez diote horri buruzko kontsultarik egin.

Bestalde, Kantabriako presidente ohiak esan du "lasai" dagoela, errege emerituak iragarritako salaketa jasotzeko zain. Revillaren ingurukoek adierazi dutenez, Kantabriako Alderdi Erregionalistaren (PCR) buruak bihar aterako da komunikabideen aurrera. "Kontzientzia lasai daukat", ziurtatu du Revillak El Correo egunkarian, Gasteizen pelikula bat filmatzen ari zela.

Salaketaren iragarpena PRCren barne-prozesu betean iritsi da, 2027ko hauteskundeei begira Miguel Angel Revillaren ondorengoa aukeratzeko, baina aurreikusita dago idazkari nagusi izaten jarraituko duela agintaldia agortu arte gutxienez, 2026ko amaierara arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainia Eguneko albisteak Albisteak Kantabria