Politika -
GERRA KOMERTZIALA
Sanchezek 14.100 milioi euroko plana iragarri du, Trumpen muga-zergen aurrean enpresak eta enplegua babesteko
Kontingentzia planaren helburua da AEBk ezarritako muga zergek kaltetutako enpresak eta langileak babestea eta ekoizpen gaitasuna egokitzen laguntzea. Halaber, Ekonomia ministroak erkidegoen arteko merkataritza konferentzia deituko du, eta talde politikoekin bilera-sorta bat egingo du.
AGENTZIAK | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaurtik aurrera martxan egongo den 14.100 milioi euroko plana iragarri du, Donald Trumpen muga-zergek kaltetutako enpresak eta enplegua babesteko eta ekoizpen-gaitasuna babesteko, eta gerra komertzialak eragindako ondorioak arintzeko.
Moncloa jauregian egin duen galderarik gabeko agerraldian, Europar Batasunaren erabakien zain egon gabe, Espainiako Gobernuak dagoeneko hartu dituen neurrien berri eman du gobernuburuak. Trumpek % 20ko muga-zergak ezarriko dizkie Europar Batasunetik inportatutako produktu guztiei, datorren apirilaren 9tik aurrera. Halaber, gauerdiaz geroztik indarrean dago inportatutako autoen gaineko % 25eko muga-zerga.
Guztira, 14.100 milioi euro mobilizatuko ditu Espainiako Gobernuak. Zehazki, finantzazio-tresna berriak erabiliko ditu 7.400 milioi bideratzeko eta gainontzean (6.700 milioi) lehendik martxan dauden baliabideak ere baliatuko ditu. Kontingentzia-planak bi zutabe nagusi izango ditu: batetik, muga-zergek kaltetutako enpresak eta langileak babestea; bestetik, ekoizpen-gaitasuna egokitzen laguntzea.
Testuinguru horretan, Pedro Sanchezek iragarri du Europako Next Generation funtsetatik etorritako 5.000 milioi euro birbideratuko dituela muga-zergek kaltetutako enpresei eta industriari laguntzeko, besteak beste, beren ekoizpen-gaitasuna egokitu edota beste sektore batzuetara moldatu dezaten.
Kontingentzia-plan horren baitan, bi berme-lerro aurreikusi ditu (6.000 milioi eurokoak) enpresen finantzazioa errazteko.
Horrez gain, enpresen ekoizpen industriala modernizatzeko 200 milioi euroko funtsa sortuko du, autogintza sektoreari laguntzeko Moves plana III martxan jarri du (auto elektrikoak eta hibridoak erosteko laguntzak), eta pandemia garaian egin bezala, lan-erreforman jasotako RED mekanismoa aktibatuko du (aldi baterako enplegu erregulazioak) zailtasunak dituzten sektoreei laguntzeko.
Erkidegoen arteko merkataritza kontseilua eta bilera-sorta talde parlamentarioekin
Laguntza ekonomikoetatik harago, Sanchezek gogorarazi du elkarrizketa sozialaren mahaia abiatu dutela (patronalarekin eta sindikatuekin), muga-zergek eragindako ondorioen jarraipena egiteko.
Halaber, autonomia erkidegoen arteko merkataritza kontseilua deituko du Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak, eta ondoz ondo lan egingo du autonomia erkidegoetako Ekonomia gaietako arduradunekin. Gainera, Ekonomia ministroak bilera-sorta abiatuko du talde parlamentarioekin, informazioa partekatu eta hartutako neurrien berri emateko.