Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Gernika Batailoia omendu dute Graveko guduaren 80. urteurrenean
Gernika Batailoia Euskadiko behin-behineko gobernuak sortu zuen, Kepa Ordoki Eusko Abertzale Ekintza EAE-ANVko militanteak gidatuta. Batailoi hau garaiko alderdi eta sindikatuetako gudariek osatu zuten, eta ideologikoki plurala zen.
EITB Media
Gernika Batailoiari omenaldia egin diote gaur, Gernikan bertan. Eusko Jaurlaritzak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bidez antolatutako ekitaldian, duela 80 urte, Frantzian, Graven (Bordele ondoan), nazien kontra borrokatu ziren euskal gudariak omendu dituzte.
Gernika Batailoia Euskadiko behin-behineko gobernuak sortu zuen, Kepa Ordoki Eusko Abertzale Ekintzako (EAE-ANV) militanteak gidatuta. Batailoi horretako kideak garaiko alderdi eta sindikatu ezberdinetako gudariak ziren, eta ideologikoki anitza zen.
1945eko apirilean, ideologia anarkistako errepublikano espainiarrek osatutako Libertad Batailoiarekin batera, Gernika Batailoia alemaniar posizioen aurka borrokatu zen Graveko guduan. Guztira, Gernika Batailoiko 5 gudari hil eta 35 zauritu ziren.
Besteak beste, Atarrabiako Felix Iglesias Mina, Alonsotegiko Juan Jose Jausoro Sasia, Durangoko Antonio Lizarralde Garamendi, Donostiako Antonio Mujika Arrizabalaga eta Villabonako Prudencio Orbiz Uranga hil ziren borroka hartan.
Gernika Bataloiko kideen 30 bat senide izan dira gaurko ekitaldian; tartean, Txomin Arruti (Gotzon Arrutiren iloba), Joserra Atorrasagasti (Jokin Atorrasagastiren semea), eta Koro Mujika (Antxon Mujikaren iloba). Ohorezko aurreskua dantzatu ondoren, lore eskaintza egin dute.
Erakundeetako ordezkaritza zabala
Imanol Pradales lehendakariak "diskurtso populista eta autoritarioen aurrean zutik jartzeko" eta "indartsuenaren legean oinarritutako munduko ordena" defendatzen dutenei "aurre egiteko" eskatu du bertan. Europak "batuta" jardun behar duela ere esan du, "diskurtso belizistetan eta alarmismo justifikatugabeetan erori gabe, bere askatasuna, segurtasuna eta sorrerako balioak babesteko".
Erakundeen ordezkari ugari ere izan dira bertan. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak harrera egin die, besteak beste, Ricardo Ituarte Azpiazu Segurtasun sailburuordeari, Victoria de Jesus Ertzaintzako zuzendariari eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruari. Eusko Legebiltzarraren izenean, Bakartxo Tejeria presidentea, Eba Blanco bigarren presidenteordea, Jon Aiartza lehen idazkaria eta Irune Zuluaga, Ima Garrastatxu, Pau Blasi eta Xabier Barandiaran legebiltzarkideak ere izan dira bertan.
Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, Ana Otadui presidentea eta Rakel Goñi bigarren presidenteordea bertaratu dira. Halaber, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kide Ion Gambra (Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria), Ager Izagirre (Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatua) eta Amaia Agirre (Getxoko alkatea) ere izan dira ekitaldian.
Gorroto-mezuak ugaritzearen aurrean, ohartarazpena
Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak azpimarratu du memoria demokratikoa eraikitzeak "gure iraganari begiratzea" dakarrela, "egungo eta etorkizuneko herritarrak eraikitzeko balio duten balioen bila". "Gernika Batailoiaren oroitzapenak bakearekin, askatasunarekin eta Europarekin dugun konpromisoa islatu behar du", gaineratu du.
Gernika Batailoia hainbat sentsibilitate politikotako pertsonek osatu zuten, totalitarismoaren aurkako demokrazia eta askatasunaren defentsan bat eginik. "Beraz, herri honek aniztasunarekin eta diferentziarako eskubidearekin duen konpromisoaren isla izan zen", esan du Alonsok.
Gaurko omenaldiak "gorroto-mezuak ugaritzearen aurrean" ohartarazpen gisa balio behar duela gaineratu du Alonsok, baita "proiektu totalitarioak indarraren bidez inposatu nahi dituzten ideologiek sor dezaketen minaren aurrean" hausnarketa egiteko ere.
ETBk Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa (1945-2015) dokumentala estreinatu zuen duela urte batzuk. Gaur egun, EITB Nahieranen dago ikusgai.