Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Autogobernuari buruzko elkarrizketa isilak defendatu ditu Estebanek eta EH Bilduri presa izatea leporatu dio

EAJko EBBren presidentearen arabera, diskrezioa ezinbestekoa da ahalik eta alderdi gehienen arteko akordiorik zabalena lortzeko.

Aitor Esteban
Aitor Esteban
Aitor Esteban

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJko EBBren presidente berriak adierazi du estatus berriari buruzko negoziazioetan presaka aritzea ez dela komeni, EH Bilduri erantzunez. Autogobernuari lotuta, Arnaldo Otegik "anbizio nazionala" eskatu zion eta buruzagi jeltzaleak azpimarratu du Euzko Alderdi Jeltzalea hasieratik aritu dela "autogobernua sortzen, indartzen eta zabaltzen".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Estebanek elkarrizketa lasaia eta isila izatea eskatu dio koalizio abertzaleari Euskal Autonomia Erkidego mailan estatus berriari buruzko akordioa lortzeko. "Madrilera (Kongresura) gauzak bidaltzeko parlamentutik (Eusko Legebiltzarretik) pasatu behar dira, ez dago beste modurik, ezta? Baina nik uste dut lehenago elkarrizketa lasai eta isiletan adostasunera heldu beharko genukeela, ahal den eta zabalena. Horretarako, behin eta berriro medioetan hitz egiten egotea ez da komenigarria, nire ustez, prozesu hau guztia arrakastatsua izatea nahi badugu".

Anbizio falta leporatzen dion EH Bilduri, berriz, orain arte anbizioa nork eduki duen galdetu dio. EBBren presidenteak nabarmendu duenez, EAJ urte luzez aritu da, lehenik, autogobernua sortzen eta, gero, indartzen eta zabaltzen; aitzitik, ezker abertzalea ez da egon, edo kontra aritu da. "Orain, anbizioa? Orain zer da, 0 urtea? Orain hasten da bizitza? Orain korrika hasi behar dugu, baten batek prisa daukalako?", gaineratu du. Ildo horretan, gauzak "tentuz eta ondo" egitea eskatu du. Edozein kasutan, Estebanen esanetan, Madrilen "zirrikitu bat" egon den bakoitzean autogobernua "bultzatzen" eta "zabaltzen" egon da, eta aurrerantzean ere horrela egiten jarraituko du.

Estebanek berretsi duenez, behin Euskal Autonomia Erkidegoan autogobernuari buruzko akordioa lortuta, Madrilen gauzak ez dira errazak izango. Epaitegien jardunaz harago, PPk autogobernuaren aurkako jarrera erakutsi duela ohartarazi du Estebanek, eta Senatuan Gernikako estatutua bete ez dadin proposamenak egin dituela.

Bestalde, Pedro Sanchez tinko ikusten du eta haren gobernuak luzaroan iraungo duela uste du Estebanek, nahiz eta aurten aurrekonturik ez onartu. Aurrekontuak aurrera ateratzeko ahalegina egin beharko lukeela uste arren, onartu du giroa ez dela aproposa, eta, gainera, orain Podemosek hauteskunde orokorretarako hautagaia aurkeztu duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Albisteak Gaur Eguneko albisteak EAEko Estatutua