Politika -

Hezkuntza Batzordea

Segregazioa, gazteen arteko indarkeria eta ongizate emozionala, eskola publikoaren erronken artean

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarreko batzordean, Euskal Eskola Publikoaren 2025-2028 Plan Estrategikoaren "laburpena" aurkezteko. EH Bilduk, PPk eta Sumarrek kritikatu egin dute ez dutela ez idatzizko azalpenik ez prestatutako egitasmorik eraman.

Ikasleak gelan sartzen. Irudia: EITB
Ikasleak gelan sartzen. Irudia: EITB
Ikasleak gelan sartzen. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2025-2028 Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoak bere "erronka nagusien" artean identifikatu ditu ikasle atzerritarren gorakada eta segregazio arriskua, gazteen arteko indarkeria —"beldur handia ematen du"— eta ongizate emozionala, pandemiaren ondoren ikasleak "zaurgarriagoak" direlako.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur Legebiltzarreko batzordean, egitasmoaren "sintesia" aurkezteko, joan den astean plana egiteko prozesu parte-hartzailea amaitu ostean. Hezkuntza sistemako eragile guztiek parte hartu dute prozesu horretan.

Oposizioko alderdiek (EH Bildu, PP eta Sumar) kritikatu egin dute, hain zuzen ere, aurretiaz prestatutako eta idatzizko egitasmorik ez egotea, eta gaitzetsi egin dute gaurko saioan beste gai garrantzitsu batzuk ere jorratu ez izana, hala nola azpiegituretan inbertsioak egitea edo irakasleen lanpostuak egonkortzea.

Pedrosak, ostera, eskola publikorako lehen plan estrategikoaren parte-hartze prozesuan jarri du arreta, familien, ikasleen, irakasleen eta hirugarren sektoreko eragileen ekarpenak jaso dituelako, eta sare publikoaren egungo "diagnostikoa" ondu dutelako.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Irudia: EITB

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Irudia: EITB

Sailburuak hitzeman du "laster" osorik eramango diela egitasmo Legebiltzarreko taldeei, eta iragarri du hurrengo agerraldietan aurkeztuko dituela bai irakasleen lanpostuak egonkortzeko plana, bai inbertsioak.

Nolanahi ere, eskola publikoaren aldeko "apustu garbia" egin izana azpimarratu du, 2030erako azpiegituretan 750 milioi euro inbertitzeko asmoak erakusten duen moduan.

Era berean, Saila "inoiz baino irakasle gehiago egonkortzen" ari dela ere nabarmendu du: 5.300 irakasle 2022tik. Hala ere, sailburuak onartu du arlo horretan "oraindik ahalegina" egin behar dela.

Hezkuntza batzordea Eusko Legebiltzarrean. Irudia: EITB

Hezkuntza batzordea Eusko Legebiltzarrean. Irudia: EITB

Hamar ardatz, lau dimentsio zabaletan sailkatuta

Egitasmoak sare publikoari "identitate propioa" emateko ere balioko du, eta hamar ardatz estrategikotan egituratu da, lau dimentsio zabaletan sailkatuta. Lehenengoa hezkuntza komunitate osoaren erantzukidetasuna da.

Bigarrena bikaintasuna da, hau da, "ikasle guzti-guztien arrakasta". Bikaintasun horren barruan sartzen dira euskara, berrikuntza eta irakasleen errefortzua, irakasleak "lider" bihurtzeko.

Hirugarren atala ekitatea eta gizarte-kohesioa da, inklusioa, bizikidetza, hezkidetza eta ongizate emozionala helburu duten ekintzekin.

Eta laugarrena etengabeko hobekuntzari eta jasangarritasunari buruzkoa da, digitalizazioaren, nazioartekotzearen, ebaluazio kulturaren eta monitorizazioaren bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Irakasleak