Politika -
MUGA-ZERGAK
Eusko Jaurlaritza Trumpen muga-zergek kaltetutako sektoreak babesteko neurriak prestatzen ari da
Pandemia garaian martxan jarritako neurri-sortaren antzeko irtenbideak hartzea aztertuko dute gaurko Gobernu Kontseiluan, oraingoan, baina, muga-zergen eragina jasateko arrisku handiena duten EAEko enpresak babesteko.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak erdigunean jarriko du Trumpen Administrazioak irekitako merkataritza-gerrari erantzuna emateko beharra, Euskadiko hainbat sektore estrategiko jomugan jarri baititu. Helburua argia da: muga-zerga berrien aurrean ahulenak diren ekonomiaren sektoreak babestea.
Imanol Pradales lehendakariak aurreratu duenez, Jaurlaritza ekintza-plan bat ontzeko ari da lanean, AEBn hartutako neurriek kalte egingo dieten enpresei babesa eta egonkortasuna emateko. Ildo horretan, lasaitasun mezua bidali die AEBren eraso komertzialak gehien kaltetutako sektoreei.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak agerraldia egingo du eguerdian, Gobernu Kontseiluaren bileran hartuko diren erabakiak eta neurriak zehazteko.
Bestalde, Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Radio Euskadin adierazi duenez, pandemian martxan jarri ziren formulen antzekoak aztertzen ari dira, muga-zergek enpresa askoren jarduera ekonomikoari eragingo dion kolpea arintzeko.
Gainera, asteazken arratsaldean Industriaren Defentsarako Taldea bilduko da. Bertan, kaltetutako enpresek, gizarte-eragileek, klusterrek eta erakundeek parte hartuko dute. Topaketak babes-neurriak koordinatzeko eta egoera berriari bermeekin aurre egin ahal izateko balioko du.