Politika -

MERKATARITZA GERRA

Tokiko industriaren aldeko apustua egin du Chivitek, "neoliberalismoaren" aurrean

Aurreratu du Foru Gobernua neurri-sorta bat lantzen ari dela, Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergen ondorioei aurre egiteko.

María Chivite, gaur, Iruñean. Argazkia: EFE
María Chivite, gaur, Iruñean. Argazkia: EFE
María Chivite, gaur, Iruñean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Neoliberalismoaren eta Trumpek zein eskuin muturreko beste zenbait buruzagik defendatzen duten nazionalismo ekonomikoaren aurrean", Nafarroako Gobernuak tokiko industria babesteko politikak sustatuko ditu. Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak esan du hori, inpaktu-ekonomiari buruz Iruñean egiten ari diren jardunaldi batean. Zehazki, inpaktu-ekonomia ari dira aztertzen, Nafarroak egin beharko bidea zein den identifikatzeko. "Nazionalismo ekonomikoa gailentzen den garaiotan, gizarte eta ingurugiro balioak sustatzeko tokiko industriaren alde egin behar dugu Europan", esan du Chivitek.

Estatu Batuek iragarritako muga-zergek izan dezaketen eragina gertutik jarraituko dutela ziurtatu du buruzagi sozialistak, eta "balizko inpaktuaren aurrean" prest egoteko neurriak hartuko dituztela. Hala, jakinarazi du neurri-sorta bat lantzen ari direla, Nafarroako industriak ahalik eta ondorio arinenak jasan ditzan.

Nolanahi ere, erantsi du oraindik "ikusteko" dagoela zenbaterainokoa izango den Donald Trump AEBko presidenteak ezarritako muga-zergen eragina. Hori dela eta, neurriak "progresiboki" hartuko direla ere erantsi du, "datu zehatzak" izan ahala.

Bere hitzaldian, Chivitek azpimarratu du ekonomia eta demokrazia ez direla beti elkarren lagun: "gizarte mailan aurreratuen dauden herrialdeak dira, hain justu, ekonomiaren kontrolerako neurri zorrotzenak ezarri dituztenak".

Erakunde publikoek inpaktu-ekonomian izan beharreko jokabidea ari dira aztertzen Iruñeko jardunaldian, eta han dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak eta finantza alorreko adituak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Donald Trump María Chivite