Politika -
Heriotza
Kepa Anabitarte euskal sindikalismoaren ikurra zendu da
Pasaian jaioa, gaztetan hasi zen ELA sindikatu klandestinoan militatzen, eta erbesteratu beharra izan zuen. 91 urterekin hil da, Donostian.
EITB Media
Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) zendu da, frankismo garaian euskal sindikalismoaren ikurra izandakoa. Gaztetan hasi zen ELA sindikatu klandestinoan militatzen, eta erbesteratu beharra izan zuen. 70eko hamarkadan Euskal Sozialisten Biltzarra (ESB) sortu zuen. 91 urterekin hil da, Donostian.
Anabitarte Euskal Herriaren askatasun egarriak mugitu du bizitza osoan. Familia euskaldun eta abertzale batean sortu zen, Trintxerpe auzoan, langileen borrokak eta zapalkuntza gogorrak blaitutako testuinguruan.
ELA sindikatuan hasi zuen militantzia ibilbidea, eta kartzelan egon zen horregatik. Municheko 1962ko kongresuaren ondoren, sindikatuaren lehen zatiketa handiaren eragileetako bat izan zen, herriaren askatasunera heltzeko bideei eta analisiei zegozkien funtsezko desadostasun politikoen ondorioz. ELA-berri taldearen arduradun izan zen geroztik.
ESB alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen, kooperatibismoan aritu zen, Gipuzkoako industriaguneetako arduradun izan zen, Nabarralderen bultzatzaileetako bat, Orreaga iritzi taldeko kide, Gara egunkaria argitaratzen duen EKHE SAren presidente, eta abar.
ELAk ohar batean doluminak eman dizkie Kepa Anabitarteren familiari eta hurbilekoei. "Garai bereziki zailetan sindikatuko militante garrantzitsua izan zen", azpimarratu sindikatu abertzaleak.
"Bere printzipioekiko leiala zen militante bat hil da, eskuzabala, nekaezina, Euskal Herri aske eta justu bat eraikitzeko proiektuetan beti konprometitua. Agur eta ohore, Kepa Anabitarte", zekarren oharrak.