Politika -
MEMORIA
Memoria Historikoaren Eguna Eusko Jaurlaritzaren sortze-eguna izatea aztertzen ari da Gogora; urriak 7, alegia
Hainbat data aztertzen ari dira, besteak beste, urriaren 7a, 1936an lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko urteurrena, eta urriaren 1a, urte berean Euskadiko lehen Autonomia Estatutua onartu zenekoa.
Agentziak | EITB MEDIA
Gogora Memoriaren Euskal Institutuak hainbat data aipatu ditu Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Eguna ezartzeko; besteak beste, urriaren 7a, 1936an lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko urteurrena, eta urriaren 1a, urte berean Euskadiko lehen Autonomia Estatutua onartu zenekoa.
Alberto Alonso Gogora Institutuaren zuzendariak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko batzordean. Bertan, martxoaren 5ean Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluan onartutako ildo estrategikoak gogorarazi ditu, eta aurten sustatuko dituen lan-arlo espezifiko nagusiak azaldu ditu.
Besteak beste, Gogorak adierazi duenez, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Eguna sortzea bultzatu nahi du, baita egun horretan egin beharrekoak antolatu ere.
Erakunde horretako iturriek azaldu dutenez, konnotazio belikorik ez duten datak bilatzen ari dira, eta gertaera garrantzitsuekin bat datozenak; positiboak, betiere.
Asmoa da lau data proposatzea Eusko Legebiltzarrarekin adosteko, eta horien artean aipatu dituzte urriaren 7a (Eusko Jaurlaritza eratu zen eguna) eta urriaren 1a (lehen Euskal Autonomia Estatutua onartu zen eguna).