Politika -

MERKATARITZA GERRA

"Ateak zabalik dituen mundua" aldarrikatu du Sanchezek, Txinari hurbiltzeagatik AEBren kritika jaso ondoren

Trumpek muga-zergen inguruan hartutako azken erabakiak Asian bidaia ofizialean harrapatu du Espainiako Gobernuko presidentea. Gaur Txinara joatekoa da, eta mezu argia iritsi zaio Estatu Batuetatik: Txinarekin lerrokatuz gero, bere kalterako izango da.

Pedro Sanchez, atzo, Vietnamen. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, atzo, Vietnamen. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, atzo, Vietnamen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Merkataritzaren joko-zelaian batek irabazten duenean, besteak ere irabazi dezake, arauak bidezkoak badira. Hitzok Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak esan ditu, Txinara egiten ari den bidaia ofizial betean, AEBtik kritika zorrotza iritsi baitzaio. "Negozio bazkide berriak" lortzeko, "ateak zabalik dituen mundua" aldarrikatu du Espainiako gobernuburuak. Zentzu horretan, txalotu egin du Donald Trump presidente estatubatuarrak muga-zergak leuntzeko hartutako azken erabakia: "negoziazioari eta herrialdeen arteko akordioei ateak zabaltzea esan nahi du".

Asian bidaia ofizialean da Sanchez, eta gaur, Xi Jinping Txinako presidentearekin bilduko da. Atzo, Vietnamen igaro zuen eguna, eta enpresaburuekin egindako jardunaldi batean hitz egin zuen. Merkataritza librea defendatu zuen.

Sanchezek ez zuen hitzik egin Scott Bessent AEBko Altxorraren estatu idazkariak egin dion kritikari buruz. Azken horrek esan zuen Espainia Txinari gerturatzea akatsa dela. "Lepoa moztea izango litzateke", adierazi zuen. 

Trumpek hasitako merkataritza gerrari buruz aritu zen Espainiako Estatuko buruzagia. Orain aldi baterako atzera egin badu ere, aurretik iragarri zituen arantzelak "bidegabeak" zirela esan zuen Sanchezek. Bere hitzetan, merkataritza gerretan "inork ez du irabazten, denak ateratzen dira galtzaile".

Aurretik, argiago hitz egin zuen Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietarako ministroak, hori ere Asian bidaia ofizialean. Kazetariekin izandako solasaldi informal batean, argi utzi zuen Txinarekin dituzten hartu-eman ekonomikoei "eutsi eta zabaldu" egingo dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ameriketako Estatu Batuak Txina Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump