Politika -

KONTZERTU EKONOMIKOA

Euskadiren zorpetze-muga % 15era zabaltzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Horrez gain, erregimen komuneko autonomia erkidegoei zorra barkatzeak ez du eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoan. Halaber, foru ogasunek nazioartean duten ikusgarritasuna eta parte-hartzea handitzea hitzartu dute.

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren gaurko bilera, Madrilen. Argazkia: EFE
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren gaurko bilera, Madrilen
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren gaurko bilera, Madrilen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta hiru foru aldundiek Euskadiren zorpetze muga % 13tik % 15era handitzea adostu dute, ostegun honetan, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bileran. Gauzak horrela, muga-zergen aurrean erantzuteko gaitasun handiagoa izango du Eusko Jaurlaritzak. Lehen kalkuluen arabera, EAEk 2.000 milioi euroko balioa duten esportazioak egiten ditu AEBra. 

Akordioa "aho batez" lortu dutela azpimarratu du, bileraren ostean, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak. Azken horrek ez ezik, Madrilen egin den batzarrean parte hartu dute Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak eta hiru ahaldun nagusiek.

Ohar bidez Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, zorpetze-muga zabalduta, "aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloko printzipio orokorrak eta jarduketa-prozedurak" Europar Batasuneko arau fiskalen esparrua berrikusteko eta egokitzeko egin berri den prozesuaren arabera eguneratu dira.

Gainera, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan hurrengo ekitaldietako defizitaren eta zor publikoaren gaineko helburuak finkatzeko adostasunik ez badago, azken akordioan hartutako konpromisoak eta helburuak "behin-behinean" aplikatuko dira.

Horrez gain, Foru Aldundiei aurrekontu-egonkortasuneko helburu propio eta bereiziak aitortuko zaizkie, haien eskubide historikoen arabera dagozkien eskumenak kontuan izanik.

Kupoa blindatuta geratuko da

Bestalde, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren gaurko bileran, Kupoa blindatuta gelditu da. Hori dela eta, erregimen komuneko autonomia erkidegoen zorra barkatzeak ez du eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoan.

Azkenik, foru ogasunek nazioartean duten ikusgarritasuna eta parte-hartzea handitzea hitzartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia 2025 Eguneko albisteak Albisteak