Politika -
EUSKO JAURLARITZA
EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak "inpunitate" mezua zabaldu duela Alfonso Arriola mailaz igota
Ustelkeriagatik zigortu zuten Arriola 'De Miguel auzia' argitzeko epaiketan. Orain egun batzuk, laguntza publikoen banaketak erabaki behar dituen batzorde bateko presidente izendatu dute. Imanol Pradales lehendakariaren arabera, lehiaketa publikoen barruko prozedura bete da.
EITB MEDIA
"Etikoki ez da onargarria Alfonso Arriola, prebarikazio delitu baten parte izateagatik kondenatua, laguntza publikoen banaketaz erabaki behar dituen batzorde baten presidente izendatzea". Hitzokin salatu du EH Bilduk Alfonso Arriola 'De Miguel auzia'n ustelkeriagatik zigortutako Arabako EAJren goi kargudun ohiaren izendapena. Basogintzako inbertsioekin lotutako laguntza publikoak ('Handitu Egurra 2025' programa) kudeatuko dituen balorazio batzordearen presidente izendatu dute.
"Harriduraz eta kezkaz" hartu du berria koalizio abertzaleak, eta "ulertezina bezain onartezina" dela iritzi dio. Ohar batean, EH Bilduk esan du Eusko Jaurlaritza "inpunitate mezua bidaltzen" ari zaiola gizarteari.
"Zer pentsa dezake jendeak horrelakoak ikusten dituenean? Ba, agintean dauden alderdiek ustelkeria toleratzen dutela kondenatuak euren kideak direnean, eta toleratu baino gehiago, kondenatuei babesa ematera eta promozionatzera ere iristen direla", dio idatziak.
Hori dela eta, EH Bilduk Arriolaren izendapena dela eta azalpenak eman ditzala eskatuko dio Jaurlaritzari Eusko Legebiltzarrean, hurrengo kontroleko osoko bilkuran, eta gaur bertan Lamia Arcas legebiltzarkideak informazioa eskatuko dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuari, "argi dezan zein diren Arriola mailaz igotzeko izan dituzten arrazoiak eta justifikazioak".
"Prozedura bete da"
Bere aldetik, Imanol Pradales lehendakariak defendatu du lehiaketa publikoen "barruko prozedura bete" dela Arriola mailaz igotzeko.
Eusko Legebiltzarraren atarian egindako adierazpenetan, Gasteizeko gobernuburuak azaldu du "lehiaketa publiko bidez plaza lortu duen karrerako funtzionarioa" dela Arriola. "Egonkortze prozesuen barruan egindako lehiaketa publikoan lortu du plaza, eta Gobernuak ez du horri buruz ezer esateko, barruko prozedurak bete direlako".
Bere hitzetan, "errespetatu" egin behar dira prozedura horiek.
Miñaoko parke teknologikoaren gerentea izan zen Arriola, eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zioten prebarikazioagatik, kontratu publikoen manipulazioan esku-hartzea leporatuta.