Politika -
Bilera-sorta
Oposizioak elkarlanerako borondatea agertu dio lehendakariari, industria indartzeko
Lehendakaritzan pozik agertu dira bilera-sortaren emaitzekin, eta txalotu dute alderdiek "herriaren interesak" jarri dituztela "norberaren interesen gainetik".
EITB MEDIA
Imanol Pradales lehendakariak bilera-sorta egin du gaur Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiekin, Voxekin izan ezik, Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergen ondorioak aztertzeko.
Ostiralean, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, lehendakariak "batuta eta ausardiaz" erantzuteko deia egin zuen, baina "lasaitasunez" eta "alarmismoan" erori gabe.
Pradalesek esan zuen Eusko Jaurlaritzak "azkar" erantzun duela, eta "eragile guztiekin lankidetzan" aritu dela "etengabe". Hala ere, onartu zuen egoera "ohiz kanpokoa" dela.
Aurreko asteazkenean, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen 2.150 milioi euro bideratuko dituela AEBko Gobernuaren muga-zergei aurre egiteko.
Lehendakaritzaren iturriak pozik agertu dira bileraren emaitzarekin, alderdiek "egindako ekarpenengatik eta erakutsitako inplikazioagatik".
"Ohiz kanpoko egoera bizi dugu, eta horrek inplikazioa eskatzen du. Gaur alderdi politikoek hori erakutsi dute; herriaren interesak norberaren interesen gainetik daudela. Hau da bidea", nabarmendu dute.
Iturri horien esanetan, "adostasun maila handia dago Euskadiko Industriaren Defentsarako Taldea lantzen ari den ibilbide-orrian". "Gaur jasotako ekarpen guztiak aztertuko ditugu, baita iritsiko direnak ere", gaineratu dute.
Alderdien adierazpenak
Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak "elkarlanean" aritzeko borondatea agertu dio lehendakariari. Dena dela, ohartarazi du Jaurlaritzaren planak "urritasunak" dituela, eta zehaztasun falta ere salatu du. Halaber, laguntzak jasoko dituzten enpresek kalitatezko enpleguarekin konpromisoa izan behar dutela iritzi dio.
EAJren partetik, Joseba Diez Antxustegi bozeramaileak esan du Euskadi "etxeko lanak" egiten ari dela. Era berean, goratu egin du lehendakariaren lidergoa, eta garrantzitsua iritzi dio EAEk Europan "ahots bakarra eta indartsua" izateari.