Politika -
MEMORIA DEMOKRATIKOA
Holokaustoaren biktimak omendu dituzte Pragan, tartean, Angel Lekuona busturiarra
Strasniceko errauste-labearen atarian lore-eskaintza egin dute goizean, eta han, Frantisek Suchy omendu dute, toki horretako arduraduna izan zena; nazien aginduei uko egin, eta 2.200 fusilaturen baino gehiagoren errautsak gorde zituen. Eguerdian, Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute bertan.
EITB MEDIA
Bigarren Mundu Gerra amaitu zela 80 urte beteko dira irailean, eta urteurrena gogoratzeko, Pragan (Txekiako Errepublika) ekitaldi-sorta antolatu da. Horien artean, gaur holokaustoaren biktimak eta Frantisek Suchy omendu dira. Azken hori Strasniceko errauste-labearen arduraduna izan zen gerraren garairik gordinean, eta naziek emandako aginduen kontra, 2.200 fusilaturen errautsak identifikatu eta gorde zituen, emaztearen eta semearen laguntzarekin. Erresistentzia lan hori ezinbestekoa izan da biktimak aurkitzeko.
Aitortza-ekitaldiak 11:00etan hasi dira, Strasnicen, lore-eskaintza batekin. Bertan izan dira hainbat herrialdetako gobernuen ordezkariak eta biktimen senideak, tartean, Angel Lekuona busturiarraren etxekoak. Haren eta Espainiako Estatuko beste bost errepublikanoren errautsak ere Suchyri esker daude gordeta Pragako hilerri nagusian.
Lekuonaren eta beste gudari batzuen historiak 'Popel' ('Errautsa') izeneko dokumentalean jaso ditu Oier Plaza zinemagileak, eta EITBren partaidetza duen lan hori estreinatuko dute Txekiako hiriburuan, arratsaldeko 19:00etan. Aurretik, 13:00etan Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute.