Politika -
eskumenak
Nafarroak bere gain ofizialki hartu ditu trafiko eskumenak
Hala, Foru Erkidegoa hirugarren erkidegoa da, Euskadi eta Kataluniarekin batera, errepideen zaintza- eta kontrol-lanak eta isunen kudeaketa esklusiboki bere gain hartzen.
eitb media
Espainiako Aldizkari Ofizialak eta Nafarroakoak astearte honetan, apirilak 15, argitaratu dute trafiko arloko eskumenen eskualdatzeko dekretua. Hala, Foru Erkidegoa hirugarren autonomia-erkidegoa da, Euskadiren eta Kataluniaren atzetik, errepideen zaintza- eta kontrol-lanak eta isunen kudeaketa esklusiboki bere gain hartzen dituena.
Joan den apirilaren 8an Ministroen Kontseiluak onetsitako dekretuak jasotzen du ibilgailu motordunen trafikoaren eta zirkulazioaren arloko 2023ko apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Erkidegoak eskualdatutako eginkizunak bere gain hartzea.
Argitalpen horrekin, Felix Taberna Nafarroako Gobernuaren presidenteordeak ohar batean adierazi duenez, dekretu hori onetsita eta argitaratuta, "ofiziala da Nafarroak trafikoaren arloan eskumen osoak, esklusiboak, dituela". Hala, gogorarazi duenez, "duela ia 100 urte onartu zen Foruzaingoa Nafarroako polizia gisa, eta ondoren, frankismoa tarteko, eskumen horien zati bat bertan behera geratu zen"
Orain "eskumen esklusibo hori berreskuratu eta gure autogobernua garatzen jarraitzen dugu, zerbitzu eta jarduera guztietan foru poliziak jardun dadila bermatzeko", adierazi du Nafarroako presodenteordeak.
Errepideen zaintza eta kontrolaren eskualdatzea gehienez ere hiru urteko epean burutuko da. Epe horren ondoren, Foruzaingoak bere gain hartuko ditu errepideak zaintzeko eta kontrolatzeko lanak, behin betiko.
Zehapenak izapidetzeari, ebazteari eta biltzeari dagokienez —hau da, isunen gaineko kontrola—, egiteko hori Estatuko Administrazioari egokituko zaio eskualdaketa indarrean jartzen denetik 2026ko ekainaren 30era arte, salaketa egiten duen polizia kidegoa edozein dela ere. 2026ko uztailaren 1etik aurrera, berriz, Nafarroari egokituko zaio zehapen espedienteak tramitatzea, ebaztea eta biltzea.