Politika -

ABERRI EGUNA

EH Bildu eta EH Bai: "Aberri Eguna burujabetzaren bidean aurrera egiteko txanpa izatea nahi genuke"

Datorren igandean Donibane Garazin eta Iruñean antolatu dituzten mobilizazio eta ospakizunetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Aberri Eguna 2024, Iruñean. Argazkia: EITB Media
Aberri Eguna 2024, Iruñean. Argazkia: EITB Media
Aberri Eguna 2024, Iruñean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Aberri Eguna burujabetzaren bidean hurrengo "urratsa egiteko txanpa" izatea nahi dute EH Bildu eta EH Bai alderdiek. Uste dute badela garaia "maldan beste kanpaleku bat altxatzeko".

Elkarrekin zabaldu duten oharrean, datorren iganderako deitutako mobilizazio eta ospakizunetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, bai Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak Donibane Garazin antolatutakoetan, baita EH Bilduk Iruñean deitutakoetan ere.

Alderdi independentistok uste dute "urte erabakigarriak" eta "erronka itzelak" dituela aurrean Euskal Herriak, besteak beste, "nazio aitortzaren eta estatus politikoaren gaineko eztabaida zabalik" dagoelako, "erritmo ezberdinetan" bada ere. Hala, "erantzukizun partekaturako garaia" dela iritzita, "akordio zabalak" jostearen alde agertu dira. "Euskal Herrian eta bere burujabetzan, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean, euskararen eta ongizatearen defentsan sinisten duten indar sozial, ekonomiko eta kultural guztien erantzukizun partekaturako garaia da", dio idatziak, hitzez hitz.

EH Bildu eta EH Bairen iritzian, "arriskuz beteriko testuinguru" honetan "herri gisa aritzea" beharrezkoa da. "Krisi klimatikoak, gerra hotsak, aurreikusten den krisi ekonomiko larriak eta migrazio krisiak" aipatu dituzte, besteak beste.

Gauzak horrela, Aberri Eguna "herri gisa saioak egiteko marko egokia" dela sinetsita daude, "euskal herritar guztien eguna baita", eta horretaz gain, "indarberritzeko momentua ere bada". "Elkarrekin partekatzen dugun festa giroa gure konpromiso militantearen erregaia bilakatzen da eta".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Aberri Eguna Donibane Garazi EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea