Politika -
GOIALDEKO BORRASKA
Pradasek ezin izan zuen Mazonekin kontaktatu GOIDIaren eguneko une larrienetan, deien errejistroaren arabera
Arratsaldeko 17:37an hitz egin zuten lehen aldiz, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuko bilera martxan zegoela. Ondoren, isilunea izan zuten berriz ere, 18:30ak eta 19:43ak artean.
Agentziak | EITB Media
Salome Pradas Valentziako Erkidegoko Justizia eta Barne kontseilari ohiak ezin izan zuen Carlos Mazon presidentearekin harremanetan jarri goi-geruzetako depresio isolatuaren (GOIDI) unerik larrienetan, haren telefonoko urriaren 29ko deien zerrendak erakusten duenez. Hain zuzen ere, egun horretan elkarrekin hitz egin zuten lehen aldia 17:37an izan zen, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuaren (Cecopi) bilera hasi eta ordu erdi baino gehiago pasa zenean. Ondoren, bien arteko komunikaziorik gabeko ordu eta laurdeneko beste denbora-tarte bat egon zen, alerta herritarrei bidali aurretik.
Kontseilari ohiaren legezko ordezkaritzak 118 orrialdeko zerrenda eman dio auziaren instrukzioa egiten ari den Catarrojako epaileari. Horren arabera, guztira 12 dei izan zituen Mazon presidentearekin, horietako zazpitan hitz egin zuten eta beste bost dei-galduak izan ziren.
Zerrendan agertzen diren bien arteko lehen deiak, 12:52an eta 16:29an izan ziren. Biak dei galduak izan ziren. Lehen aldiz 17:37an hitz egin zuten, bi minutuz, Mazonek egindako dei batean. Ondoren, hiru dei trukatu zituzten 18:30ak arte: 18:16an (7 minutuz), 18:25ean (43 segundoz) eta 18:30ean (33 segundoz). Hortik aurrera, Pradasek Mazoni egindako bi dei galdu daude (19:10ean eta 19:36an), eta 19:43an berriz ere hitz egin zuten, 48 segundoz. 20:10ean minutu bat iraun zuen beste dei bat izan zen. Herritarren mugikorretara bideratutako alerta-mezua 20:11n bidali zen.
Telefono-deien erregistroaren arabera, Pradasek dozenaka pertsonarekin hitz egin zuen egun hartan, besteak beste, auzi honetan ikertzen ari diren Emilio Argüeso Larrialdietako idazkari autonomikoarekin, Generalitateko Komunikazioko idazkariarekin eta Kabineteko buruarekin, Valentziako alkate Maria Jose Catalarekin, eta Valentziako Diputazioko presidente Vicent Momporekin.
Pilar Bernabe Gobernuak Valentzian duen ordezkariarekin ere hitz egin zuen behin baino gehiagotan. 14 dei agertzen dira zerrendan, horietako hiru galduak. Lehenengo deia 12:23an izan zen, bost minutukoa.
Deien erregistroa argitaratu ondoren, Generalitateko iturriek adierazi dute "Mazon ez zela inoiz inkomunikatuta egon frogatzen" dutela. Haien hitzetan, arratsaldean bi dei egin zituen, bat "Cecopiko bileraren berri eman zion Azpiegitura idazkariari eta bestea Presidentetzako idazkariari".
Carlos Mazon bera Algemesin izan da asteazken honetan. Kazetarien galderei erantzun die "egun osoan zehar" aritu zela Pradas sailburuarekin hizketan, eta "oso ondo komunikatuta" egon zela "deitu nahi izan zidan ororekin eta nik deitu ahal izan nion ororekin hitz egin nuen".