Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Botoa emateko eskubidea 16 urtera jaisteko lanean ari da Espainiako Gobernua

Sira Rego Gazteria eta Haurren ministroak baieztatu duenez, proiektua amaitzear dute. PSOEk eta Sumarrek adostutako "kontsentsu tarteetan" sartzen dela ziurtatu du.

Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botoa emateko eskubidea 16 urtera jaisteko lanean ari Espainiako Gobernua. Hala baieztatu du Sira Rego Gazteria eta Haurren ministroak, zehaztu badu ere oraindik eskuartean dutena "zirriborro bat" dela. Bere hitzetan, amaitzear duten testua "laster" sartu daiteke tramitazio fasean, behin "koordinaziorako lantaldeak" eratuta. Ziurtatu du PSOEk eta Sumarrek koalizio gobernua eratzearakoan adostutako "kontsentsuen tarteetan" sartzen dela plana.

RNE irrati-katean aurreratu zuen berria Regok, atzo. Bere hitzetan, oso zabala da proposamena, eta adina 18tik 16 urtera jaistetik harago doa. Gazteei zuzendutako formakuntza programak ere aurreikusten ditu, Estatuaren funtzionamenduaren inguruko ezagutza zabaltzeko.

Izquierda Unidako kidearen arabera, administrazioaren eskumenei edota gobernuen osaketari buruzko informazioa gazteengana iristea dago planaren atzean. Bereziki nabarmendu nahi izan du proposamena nondik datorren eta zein fasetan dagoen: Estatu espainiar osoko gazte mugimenduek azken hilabeteotan egindako ekarpenekin osatutako 400 orriko dokumentu bat dago oinarrian.

Gazteen boto adina jaistearen inguruan Sumarrek 2024an egindako legez besteko proposamenak PSOEren babesa izan zuela gogoratu du Regok, eta baita ere, sozialistek bere azken kongresuan aukera hau mahai gainean jarri zutela. Hori dela eta, azpimarratu du koalizio gobernua osatzen duten alderdien "programen eta posizioen" barruan kokatzen dela egitasmoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Sumar Mugimendua