Politika -
ABERRI EGUNA
EAJk dei egin die "munduan sakabanatuta dauden euskaldunei" Aberri Egunean Euskadi nazio gisa aldarrikatzeko
'Euskadi gara, Mundialak gara!' da jeltzaleek aurtengo Aberri Egunerako aukeratu duten leloa. Esan dutenez, "mundu osora bidaltzen dugun mezua da, ez dugulako bizi nahi gure inguruan gertatzen denari bizkarra emanda".
EITB MEDIA
"Euskadi gero eta mundu globalizatuago batean hedatzen ari da eta Aberri Eguna munduan zehar sakabanatuta dauden euskaldunen etxeetan ospatuko da". Hitzok erabili ditu EAJk mundu osoko euskaldunei dei egin eta Aberri Egunean "askea izatea nahi duen" nazioa aldarrikatu dezatela eskatzeko.
'Euskadi gara, Mundialak gara! goiburupean ospatuko du EAJk Aberri Eguna, datorren igandean, Bilboko Plaza Berrian. Maitane Ipiñazar Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) idazkariak eta Javier Ollo EBBren Lurraldearen Antolamenduaz arduratzen den burukideak aurkeztu dituzte igandeko ekitaldia eta manifestua. "Edozein abertzalek bere egutegian gorriz markatuta daukan eguna, zer garen eta nor garen gogoratzeko eta ozen adierazteko. Ospatzeko eguna da, nazio bat aldarrikatzekoa, zeinaren azken borondatea askea izatea baita, eta hemen gaudela esateko", esan du Ipiñazarrak, ospakizuna egingo den tokian bertan gaur egindako agerraldian.
Horrekin batera, nabarmendu du "Euskadi gero eta mundu globalizatuago batean hedatzen" ari dela eta Aberri Eguna "munduan zehar sakabanatuta dauden euskaldunen etxeetan" ospatuko dela, "mundialak garelako".
Bide beretik, Ollok ere azaldu du aurtengorako aukeratutako mezuarekin "mundu osora" begiratu nahi dutela, "ez dugulako bizi nahi gure inguruan gertatzen denari bizkarra emanda". Erantsi duenez, "mundu mailan ematen ari diren gertakari kezkagarrien aurrean, argi eta garbi esan nahi dugu hementxe jarraitzen dugula herri gisa" eta "Euskal Herriak harro baino harroago esan dezake hemen dagoela eta hementxe jarraituko duela".
11:30ean hasiko da jeltzaleen ekitaldi politikoa igandean. Aurten, Aitor Estebanek EBBko presidente modura eta Imanol Pradalesek lehendakari bezala lehen aldiz hartuko du parte Aberri Egunean.
EAJrentzat 93. Aberri Eguna izango da igandekoa. 1932an ospatu zuen aurrenekoz.