Politika -
Aberri Eguna
“Pertsonetan eta eskubideen errespetuan" oinarritutako aberrien alde egin dute Sumarrek eta Podemosek
"Mugetatik, banderetatik edo berezko pribilegioetatik" harago, "herriaren aberria" goratu dute bi alderdiek, Aberri Egunean.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Aberri Egunaren kariaz, "mistikoa" ez den euskal aberri bat aldarrikatu du Sumarrek, "bandera baztertzailerik" gabekoa, eta "ahots berriei eta jabetza modu berriei bideak irekitzen diona", alegia, "ezein alderdiren ondasun" ez dena. Halaber, eskubideen alde egiten duen Estatu berri bat defendatu du, Euskadi nazio gisa aitortuz, eta "komuna dena blindatuz".
Gaur goizean argitaratu duen ohar batean, Sumarrek gogorarazi du 1932an ospatu zela estreinakoz Aberri Eguna, Bigarren Errepublikan, "askatasunez pentsatzen hasia zen herri baten ilusioarekin". "Gaur, itxaropen hari helduta, aldatuko eta zabalduko den herri ideia bat aldarrikatuko dugu, ez aberri mistiko gisa, baizik eta bizitako proiektu baten moduan, ahots eta jabetza modu berriekin", adierazi du.
"Gaur aberria aukera da, oraina, etorkizun kolektibo baten borroka; ez da alderdi politiko baten ondasuna", erantsi du.
Bestalde, Podemos Euskadik "jendearen" eta "herriaren" aberrien alde egin du, "eskubide sozialen defentsa" egin ere; mugetatik, banderetatik edo berezko pribilegioetatik harago".
Aberri Eguna dela eta, ohar bat kaleratu du alderdi moreak, azpimarratzeko aberri hitzak ez duela soilik adiera nazionalista edo abertzalea.
Oharrean, gogora ekarri du Euskadi lurralde plural eta anitz bat dela, eta euskal herritarren parte bat "logika nazional edo abertzaleetatik kanpo" geratzen dela.