Politika -
Urteurrena
Pradalesek, hauteskundeak irabazi eta urtebetera: "Ajuria Enea topagune irekia izan da
Lehendakariak azpimarratu du bere agintaldian "entzutea, autoexijentea izatea eta arazoei aurre egitea" izan direla bere gidalerroak.
agentziak | eitb media
EAEko hauteskundeak irabazi zituela urte bat bete denean, Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du denbora tarte horretan Ajuria Enea "guztiontzako topagune irekia" izan dela.
"Harreman zuzena izan dut Euskadiko alderdi politikoekin eta eragile ekonomiko eta sozial nagusiekin. Baita gure ehun industrialarekin ere, agertoki ekonomiko globalaren ziurgabetasunaren aurrean", azaldu du Linkedin sare sozialean idatzitako argitalpenean.
"Imanol izatetik Lehendakari izatera" izeneko artikuluan, Pradalesek Maria Chivite Nafarroako eta Jean-Rene Etxegarai Iparraldeko Hiri Elkargoko presidenteekin izandako batzarrak ere izan ditu hizpide, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin "Euskadiren interesei erantzungo dien harremana" edukitzea ere goraipatu du.
Bere jardunaren oinarrian "entzutea, autoexijentea izatea eta arazoei aurre egitea" jarri dituela nabarmendu ostean, esan du "ezinbestekoa" dela "jendeari zintzotasunez begirada eutsi ahal izatea".
"Egia esan, galdetu didaten arren, ez dakit noiz pasatu nintzen Imanol izatetik Lehendakari izatera. Ez dakit. Seguru aski, inoiz ez diodalako Imanol izateari utzi, emakume eta gizon libreen Euskadi aske batekin amesten zuen mutiko hura" adieraziz amaitu du artikulua.