Politika -

Euskararen ofizialtasuna

Europan euskara ofizial izendatzeko prozesuaz bilera egin dute EH Bilduk, EAJk eta Atzerri Ministerioak

Alde guztiek "EBn euskararen ofizialtasunerako aurrerapausoak" elkarrekin ematen jarraituko dutela adierazi dute.

Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta Jose Manuel Albares ministroarekin bildu dira.
Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta Jose Manuel Albares ministroarekin bildu dira.
Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta Jose Manuel Albares ministroarekin bildu dira.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa EAJko eta EH Bilduko ordezkariekin bildu da Kongresuan, Espainiako Gobernuak EBn euskararen ofizialtasuna lortzeko egin dituen aurrerapausoak azaltzeko.

Kanpo Arazoetako iturriek adierazi dutenez, Albaresek "EBn euskararen ofizialtasuna lortzeko egin diren aurrerapenak" aztertu ditu, eta duela gutxi Espainiako Estatuko hizkuntza ofizialak "Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen osoko bilkuran erabili ahal izatea" balioan jarri du.

EH Bilduren partetik, Kongresuko eta Senatuko bozeramaileak, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta, bildu dira Albaresekin. Euskara Europar Batasunean hizkuntza ofizial izan dadin jarraitu beharreko prozesua izan dute hizpide nagusi.

Prozesu horren baitako aurrerapenak eta urratsak elkarrekin ematen jarraitzea adostu dute bi ordezkaritzek, ofizialtasuna lehenbailehen lortzea helburu hartuta.

Ministroaren azalpenak entzun ondoren, EH Bilduk iragarri du euskararen normalizazioran alde lan egiten duten eragileekin bilera-sorta bat abiatuko duela hurrengo asteetan, ofizialtasunaren nondik norakoen berri emateko eta euskararen egoera aztertzeko.

Horrez gain, EH Bilduk bilera baliatu du Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean bizi diren langileen egoera mahai gainera ateratzeko. Arlo horretan Espainiako eta Frantziako Estatuek duten ituna eguneratzeko aukera aztertu dute.

EAJren aldetik, Aitor Esteban jeltzaleen presidente berria joan da Albaresekin hitzordura, hizkuntza ofizialen aitorpenari buruzko Europa mailako negoziazioen egoeraren berri izan nahi baitu. Ministroari adierazi dio garrantzitsua dela euskara hizkuntza ofizialtzat onartzea. Biek adostu dute elkarrekin harremanetan egotea prozesuaren aurrerapenen berri izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Politika albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua bideoak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak