Politika -
Bonbardaketaren urteurrena
NBEk 'Bakearen eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen aldeko oihua' ekimena aurkeztuko du Gernikan
Larunbat honetan bertan izango dira Miguel Angel Moratinos Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzako (Unaoc) goi-ordezkaria eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia.
Agentziak | EITB Media
Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (UNAOC) bultzatutako 'Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen aldeko oihua' ekimena aurkeztuko dute larunbat honetan, hilak 26, Gernikan (Bizkaia).
Bertan izango dira Miguel Angel Moratinos UNAOCen goi-ordezkaria eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia.
Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, helburua da gizateriari "premiaz" dei egitea, "azken aldiko historian nagusitu den indarkeriaren eta suntsipenaren gurpil zoroa" amai dadila.
Bizkaiko foru hiribilduaren aurka 1937ko apirilaren 26an egindako bonbardaketa faxista gogora ekartzeko urtero egiten diren ekitaldien baitan, Bakearen aldeko Erlijioek, UNAOCek eta Gernika-Lumoko Udalak egitaraua antolatu dute, eta ostiralean, hilak 25, hasiko da, buruzagi erlijiosoekin eta gizarte zibileko buruzagiekin topaketak eginda.
Biharamunean, Bakearen eta adiskidetzearen aldeko 2025eko Gernika sariak banatuko dira, Jai Alai frontoian. Sariok Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiaren eta Argentinako Auzitegi Antropologia Taldearen lana aitortuko dute.
Guterresek ez du saria aurrez aurre jasoko; izan ere, egun horretan bertan Frantzisko aita santuaren hiletara joatekoa da.
Zeremoniaren ondoren aurkeztuko da Nazio Batuen ekimena, eta Sarajevo eta Nagasaki hiri bonbardatuetan hainbat ekitaldirekin jarraitzea aurreikusi dute, besteak beste.
Miguel Angel Moratinos Atzerri ministro ohi eta Zibilizazioen Aliantzarako egungo goi-ordezkariaren parte-hartzearekin batera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia bertaratuko dira.
Horiez gain, Francis Kuria Religions for Peacen idazkari nagusia eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak ere izango dira.
Udalak antolatutako egitarau instituzionalak arratsaldera arte luzatuko dira, bonbardaketatik bizirik atera zirenei omenaldia eginda, bazkari batekin eta sirena hotsak joaz, 15:45ean, udalerriko hainbat tokitan. Ondoren, lore-eskaintza egingo da Zalloko hilerrian, eraso faxistaren biktimak omentzeko.