Politika -

polemika

Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du Israelgo enpresa bati balak erosteko kontratua

Exekutiboak "interes orokorreko arrazoiak" argudiatu ditu konpainia hebrearrari esleitutako erosketa ez gauzatzeko. Erosketak Sumar bazkidearen haserrea eragin du, eta IUk Sumar gobernutik atera dadila eskatu du. Inbestidurako bazkideek ere azalpenak eskatuko dituztela iragarri dute.

Sanchez, gaur, Madrilen egindako ekitaldi batean. EFE
Sanchez, gaur, Madrilen egindako ekitaldi batean.
Sanchez, gaur, Madrilen egindako ekitaldi batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

IMI Systems Israelgo konpainiari 15 milioi bala erosteko kontratua bertan behera utzi berri du Espainiako Gobernuak, alde bakarrez erabakita. Gainera, munizio mota hori Espainiara inportatzeko baimena ukatuko dio aurrerantzean, eta "interes orokorreko arrazoiak" argudiatuko ditu horretarako.

Kontratuak koalizio gobernuko kideen (PSOE eta Sumar) artean arrakala sortu du. Sumarrek kontratua berehala bertan behera uzteko eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren Kongresuko agerraldia eskatu zuen atzo —hark gauzatu du—.

EFE albiste agentziak Espainiako Gobernuko iturriak aipatuta azaldu duenez, "negoziazio bide oro agortu ostean" hartu dute erabakia Sanchez presidenteak, Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak eta nahastutako ministerioek. Kontratua hausteak ekar litzakeen ondorioei, izan juridikoak zein ekonomikoak, eman beharreko erantzuna aztertzen ari dira orain Estatuko Abokatutza eta aipatu Ministerioak.

Israelek "gogor" gaitzetsi du Espainiako Gobernuak kontratua bertan behera uzteko hartutako erabakia, eta "arrazoi politikoengatik segurtasun kontuak sakrifikatzen" ari dela uste du, Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile batek gaur azaldu duenez.

Atzerri Ministerioaren arabera, Espainiako Gobernuak "historiaren alde okerrean jarraitzen du" eta "zazpi frontetan eraso terroristengandik defendatzen ari den Estatu juduaren aurka dago".

Bozeramaileak nabarmendu du aldebakarreko urraketa dela, eta gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak Israelgo enpresekin etorkizunean defentsa akordioak ixteari uko egingo diela iragarri izana.

Yolanda Diaz buru duen koalizioaren aburuz, erosketarekin Israelgo Estatuari armak ez saltzeko/erosteko konpromisoa urratu du Espainiako Gobernuak. Antonio Maillo IUko buruzagiak (Sumar osatzen duen alderdietako bat) harago jo zuen, eta Sumar gobernutik ateratzea planteatu zuen.

Inbestidurako bazkideek ere, tartean EAJk eta EH Bilduk, begiz jo zuten kontratua, eta azalpenak eskatu zizkioten gobernuari. Hain justu, jeltzaleek pozik hartu dute orain kontratua bertan behera utzi izana.

Barne Ministerioak erosketa justifikatu du

Gogora ekarri behar da Espainiako Gobernuak duela hilabete batzuk iragarri zuela kontratu hori berori baliogabetuko zuela. Kontua da atzo bertan Barne Ministerioak erosketa justifikatu zuela. Argudiatu zuenez, kontratua deseginda ere konpainiari berdin-berdin ordaindu beharko lioke, eta Guardia Zibilak hitzemandako munizioa "beharrezkoa" zuen. Hain justu, Estatuko Aldizkari Ofizialak gaur, ostegunarekin, kaleratu du kontratuaren egikaritzea. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Israel Sumar Mugimendua