Politika -

Bonbardaketaren 88. Urteurrena

Moratinosek bakerako dei globala egin du, Gernikaren "sinbolismo iraunkorrak" lagunduta

"Gernikaren sinbolismo iraunkorra eta bake eta erresilientzia mezu indartsua inoiz baino sakonago entzuten dira gaur", nabarmendu du Unaoceko goi ordezkariak bere ekimenaren aurkezpen ekitaldian.

Miguel Angel Moratinos Unaoceko ordezkaria eta Jose Maria Gorroño alkatea, Gernikan. Irudia: EITB
Miguel Angel Moratinos Unaoceko ordezkaria eta Jose Maria Gorroño alkatea, Gernikan. Irudia: EITB
Miguel Angel Moratinos Unaoceko ordezkaria eta Jose Maria Gorroño alkatea, Gernikan. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Angel Moratinos Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzako (Unaoc) goi-ordezkariak bakearen aldeko dei globala egin du gaur, Gernikaren "sinbolismoak" lagunduta.

"Gernikaren sinbolismo iraunkorra eta bake eta erresilientzia mezu indartsua inoiz baino sakonago entzuten dira gaur", azpimarratu du Moratinosek, 'Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeren aldeko garrasia' ekimenaren egitaraua publiko egin den ekitaldian.

Ekimena larunbatean abiatuko da Gernikan, Gerra Zibilean faxistek Gernika bonbardatu zuteneko 88. urteurrenean, eta bertan izango da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia.

Moratinos Atzerri ministro ohiaren arabera, "indarkeriak eta zatiketak gero eta apurtuago duten mundu honetan", ekimen hau "bakea ideal bat soilik ez dela gogorarazteko ekimen indartsua da, partekatutako agindua baizik".

"Gerra arbuiatzeko eta nazioarteko zuzenbidea eta elkarrizketa desadostasunaren gainetik defendatzeko erantzukizun kolektiboa", berretsi du Moratinosek. "Duintasunean, justizian eta gure gizatasun komunean errotutako etorkizun baterako ekintzarako dei globala izan dadila", nabarmendu du.

Bestalde, Francis Kuria Religions for Peaceko idazkari nagusiak "indarkeria egiturak desegin eta elkar ulertzeko zubiak eraikitzeko agindu espiritual eta moral sakona", erdigunean jarri du ekitaldian.

Azpimarratu duenez, ekimen hori "ez da gerrei amaiera emateko dei soil bat, baizik eta bakearen kultura globala lantzeko deialdi bat, nazioarteko zuzenbidearen errespetuan eta gizaki bakoitzaren duintasunean errotuta dagoena".

Azkenik, Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok adierazi du hiribildua "inoiz baino gehiago, bakean eta elkarrekiko errespetuan sinesten dutenentzako elkargunea" dela, eta ekimen honek Gernikak "erresistentziaren eta elkarrizketaren ikur" gisa duen zeregina berresten duela, "bakea baita bide posible bakarra".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Bizkaia Gernika-Lumo NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Giza eskubideak Ultraeskuina