Politika -
Memoria Historikoa
Letamendiren auziaren itxiera "aurrekari garrantzitsutzat" jo du GEBehatokiak, "gertatutakoa gorabehera"
Epailearen arabera, errudunetako bat hilda dagoela eta bigarrena hilda egon liteekeela jakinda, arrazoiak daude auzia ixteko, eta frankismo garaiko gertakari horiek artxibatzeko.
EITB MEDIA
EAJko militante ohi Txomin Letamendiren auziaren itxiera "aurrekari garrantzitsua" dela iritzi dio Giza Eskubideen Behatokiak, "gertatutakoa gorabehera", eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legeak frankismoaren biktimatzat aitor dezala.
2024ko abenduaren 20an, haren heriotzaren 74. urteurrenean, Txomin Letamendi Muruaren sendiak, kereila bat aurkeztu zuen 1950ean jasan zituen torturak salatuz, Behatokiak bultzatuta.
Donostiako epaitegiek familiaren eskaera onartu, eta ikerketa abiatu zuten Letamendiri heriotza eragin zioten torturen egileak identifikatzeko.
Ikerketa horretan, errudunetako bat hilda dagoela eta bigarrena hilda egon litekeela jakin dute. Hori horrela, epaileak uste du arrazoiak daudela auzia ixteko, eta frankismo garaiko gertakari horiek artxibatzeko.
"Aurrekari garrantzitsua"
GEBehatokiaren hitzetan, "mugarri" izan da Letamendiren auziaren gaineko ikerketa, arrakala ireki baitu "epaitegien bunker negazionistan".
Urrats gehiago
"Biktimekiko dugun konpromisoa da haiek egia, justizia eta ordaina izan dezaten lortzea, eta horretarako dauden bide guztiak zeharkatu eta agortzea. Horregatik, Letamendi biktima gisa aitortzeko lanean jarraituko dugu", adierazi du Behatokiak ohar batean, eta erantsi du iragan apirilaren 7an, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose sailburuari eskatu ziotela Letamendi ofizialki frankismoko biktima aitortzeko prozedura abia zezala.