Politika -
Urteurrena
Sirena hotsak entzungo dira atzera Gernikan, bonbardaketaren 88. urtemugan
Arratsaldean, "Bakearen eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen aldeko oihua" ekimena aurkeztuko dute. Aurretik, bazkari-omenaldia egingo dute, eta ondoren, lore eskaintza eta kale antzerkia izango dira.
EITB Media
Bonbardaketaren 88. urteurrena dela eta, hamaika ekitaldi izango dira egun osoan zehar Gernikan. Jai Alai frontoiak, esaterako, eguneko ekitaldi nagusia hartuko du arratsaldean. Besteak beste, Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok parte hartuko du horretan.
Atzo, ostirala, ireki zuten egitaraua Lizeo Antzokiko mahainguruek, George L. Steerri, Jose de Labauriari eta gudariei egindako omenaldiek, eta udaletxean Auschwitzekin egindako laguntasun ekitaldi sinbolikoak. Armos Gitai zinemagilearen Why War dokumentalaren emankizunak itxi zuen eguna.
Gaur, bazkari-omenaldia egingo dute herrian, erasotik bizirik atera zirenen omenez. Sirena hotsak, berriz, 15:45ean entzungo dira, eta ondoren lore eskaintza egingo dute Zalloko hilerrian. Gernika Garretanan antzezlana eta herritarrek kandelekin egingo duten ibilaldia izango dira ikusgai azkenik.
"Bakearen eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen aldeko oihua"
Arratsaldean, Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (Unaoc) bultzatutako "Bakearen eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen aldeko oihua" ekimena aurkeztuko dute.
Aurkezpenean izango dira Nazio Batuen Erakundeko goi ordezkari Miguel Angel Moratinos, Religions for Peaceko idazkari nagusi Francis Kuria, Espainiako Berdintasun ministro Ana Redondo, Kultura sailburu Ibone Bengoetxea, Gernikako alkate Jose Mari Gorroño, eta Türkmenabateko Atzerri Gaietako ministrorde Ahmed Gurbanov.
Irekiera ekitaldia bukatzen denean, Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko 2025eko Gernika Sariak banatuko dituzte. Ostean, Jone Martinez sopranoaren errezitaldia, aurreskua eta lore eskaintza egingo dituzte.
Antolatzaileek iragarri dutenez, "bakearen aldeko bidean" emakumeek eta gazteek egindako lana nabarmenduko dute.